Ezagutu itzazue zeintzuk diren irakasleak grebara deitzeko arrazoi nagusiak.
Jakingo duzuen bezala, Allende Salazar Herri Eskolako irakasleetako batzuek sindikatuek deituriko grebara batzea erabaki dute. LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, martxoaren 25ean, 26an, eta 27an greba egiteko eskubidea izan dute irakasleek.
Urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26an eta 27an ere egin bazituzten ere, ez dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkunzta Sailarekin akordiorik lortu, eta ondorioz, euren baldintzak hobetzeko lanetan jarraitzen dute aipatu sindikatuek. Izan ere, 2010etik ez da irakasleen lan-hitzarmena bermatu.
Baina, zeintzuk dira euren aldarrikapenak?
- Lan zamak arintzea: Etapa guztietako irakastorduak murriztea, baliabide hornikuntza handitzea (psikologoak, IKT arduradunak, Hezkuntza premia berezietako baliabideak…), eta burokrazia eta lan zama arintzeko neurri zehatzak ezartzea.
- Gazteberritze plana: Erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, eta lanaldia murrizteko eta metatzeko eskubidea onartzea.
- Eros ahalmena berreskuratzea: Galdutako erosahalmena berreskuratzea.
- Enplegua egonkortu eta bermatzea: Lanpostu Zerrendak sindikatuekin negoziatu eta lanpostuak oposaketetara eta lekualdatzetara
ateratzea. Baita interinitate tasa erreala jaistea, eta lanpostuak estrukturalizatzea. - Atzerapausuak baztertzea: Azken urteetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez ezarritako murrizketak bertan behera uztea.
- Ordezkoen lan baldintzak hobetzea: Ordezkoen araudia negoziatu eta berritzea, eta udako kobraketa berreskuratzea.
- Lizentziak eta baimenak: Zaintzaren ikuspegitik, langile guztiei lan eta bizitza benetan uztartzeko neurriak ezartzea.
- Lan-osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea: Azterketa medikuak izateko eskubidea bermatzea, osasun arazoak dituzten langileen lan-baldintzak hobetzeko plan bat garatzea, eta arrisku psikosozialen eta lanpostuen azterketa egitea. Baita hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duen politikak ezartzea ere.
Eta, zergatik eskatzen dituzte hobekuntza horiek? Batez ere, gure ikasleei ahalik eta kalitate hobereneko zerbitzua eskaini ahal izateko. Izan ere, gizartea aldatu den bezala, azkenengo 15 urteetan hezkuntza sistema ere erabat aldatu delako. Ikasleek beste ezaugarri batzuk dituzte, eta gaur egungo lan zamekin oso zaila egiten zaie irakasleei denetara heltzea.
Horregatik, ahalik eta hezkuntza eskaintza onena eskaintzeko asmotan, irakasleek euren lan baldintzen alde borrokatzen jarratuko dute. Izan ere, akordiorik lortu ezean, apirilaren 1an eta 2an ere egingo dute greba.