Eskolaz kanpoko ekintzak

Umeen heziketa prozesuan eskolaz kanpoko ekintzek betetzen duten papera oso garrantzitsua da. Lagun arteko giroan bizikidetza baloreak indartu eta transmisio kulturala bermatzen da. Horrekin batera, umeak talde lanean trebatzen dira eta bakoitzaren autonomian sakontzen da.

Umeek burutzen dituzten jarduerak interes pribatuen esku utzi beharrean, boluntario gisa lan egiten duen Guraso Elkarteak gidatzen du, gurasook gure seme-alaben heziketan dugun erantzukizuna gure gain hartuz

Guraso Elkarteak Eskolaz kanpoko eskaintza zabala antolatzen du. Balioetatik eta guztien partaidetzatik abiatuta

Orotara 14 jarduera desberdin ditugu: Xake, robotika, moda birziklatua, dantza modernoa eta fazz funky, musika ritmo, sukaldaritza, yoga, eskalada, multikirolak, judo, futbola eta saskibaloia.

Haurren kontrako biolentziari aurre egiteko protokolo bat dugu gure eskolan. Protokolo honen helburuak besteak beste hauek dira:

  • Kirola eta aisialdia indarkeriarik gabeko eta tratu onean oinarritutako espazioak izan behar dira.
  • Jarduerak adingabeen eskubideak eta duintasuna errespetatuz egin behar dira eta haien garapen osoa bermatuz.
  • Adingabeen interes gorena lehenetsi beharko da beste edozeren gainetik. Aniztasuna errespetatzea eta inolako arrazoirengatik ez diskriminatzea.
  • Ume eta nerabeak indarkeriaz ohartu eta indarkeria horren aurrean erreakziona dezaten erremintak ematea.

DESKARGATU PROTOKOLOA

Multikirolak

Kirol ezberdinak probatzeko aukera izango dute gure txikiek eta hauetan lehen urratsak emango dituzte.

Saskibaloia

Lehiakortasunean baina parte-hartze baloreetan oinarritutako saskibaloiaren ikasketa prozesua lantzen dugu. Horretarako entrenatzaile talde prestatua dago gure ikastetxean.

Robotika

Ikono bisualetan oinarritutako programa informatikoak erabiliz, ikasleek robot funtzionalak sortzen ikasiko dute.

Futbola

Baloreak eta lehiakortasuna elkar hartuta, entrenatzaile talde handi eta prestatuarekin lan egiten dute gure umeek.

Xake

Gure umeek joko honen bidez joko estrategiak, diziplina, iraunkortasuna eta sormena garatu eta ideiak egituratzen ikasten dute.

Moda birziklatua

Materialen birziklapena erabiliz, norberak bere estiloa eta nortasuna garatzen ikasten dute umeek.

Musika Ritmo

Kalapitakako kideek gidatuta, umeek entzumena lantzen dute eta perkusio txikiko instrumentu desberdinekin ibiltzen dira.

Antzerki tailerra

Oihane Enbeitaren eskutik, umeek joko dramatikoaren bitartez irudimena, gorputzaren adierazkortasuna eta emozioak landuko dituzte.

Pintura

Estilo desberdinak abiapuntutzat hartuta, ikasle bakoitzak bere sormena, trebetasuna eta auto-estimua garatuko ditu, hainbat sormen prozesu eginez.

Dantza-txiki

Gure umeek koreografia desberdinak landuko dituzte, musika eta erritmoaz gozatuz eta gorputz adierazpen artistikoa hobetuz .

Dantza jazz funky

Dantza urbanoaren bitartez gorputza mugitu eta erritmoak landuko dituzte gure txikienek Ross dantza eskolaren eskutik.

Yoga

Arnasketa eta postura ezberdinen bitartez, umeek yogako oinarriak eta beraien gorputza ezagutzeko aukera izango dute.

Eskalada

Gure rokodromoan oreka eta kontzentrazioa landuko dituzte Itsas izarra elkarteko irakasleen eskutik.

Judo

Umeek beraien gorputza eta mugimenduak ezagutzeko aukera paregabea izango dute esperientzia luzea duen Loli Cal-en eskutik.