Elkarrizketak

Jose Moraleseri elkarrizketa

“Euria egiten duenean ostadarra ikusi ahal dugu”


Jose Morales (Gernika, 1961) gure eskolako ikasketa burua da orain dela bi ikasturtetik hona. Azken gertaerak direla eta lan mardula du eskuartean. Aitxaki horrekin gurera ekarri dugu gaurkoan. Bagoaz!


Egunon Jose, hasteko, nola zaudete irakasleok egoera berri eta arraro honen aurrean?

Ondo gaudela esatea gustatuko litzaidake baina ez litzateke egia borobila izango. Denok gaude buru belarri sartuta egoera “berezi” eta berri honetan, eta ez da erreza ez ikasleentzat, ez gurasoentzat ezta irakasleentzat ere. Erronka mingarri honetatik denok atera beharko garela indartuta arlo guztietan pentsatzen dut. Ezbeharretatik ondorio positiboak aurkitzen ikasi behar dugu.

Egun batetik bestera erabaki zen eskolen itxiera. Nolakoak izan ziren lehen egunak?
Hasiera batean hamabostaldi baterako izango zela ematen zuen eta begira norarte heldu garen. Martxoak 16an zuzendaritza taldekideak irakasle guztiekin (zikloka talde txikietan presentzialki) elkartu ginen eta eginbeharrekoak adostu genituen. Irakasleok online komunikatuta egoteko eta lan egiteko gune birtual bat sortu genuen. Hasieratik Pedagogika batzordeko batzarrak eta ziklo eta departamentukoak online mantendu genituen. Guraso elkarteko kideekin ere kontaktuan egon gara, beharbada ez guk nahi izango genukeen maiztasunarekin baina, egia esateko, 24 orduko egunak oso laburrak izaten ari dira.

Ziklo bakoitzeko irakasle guztiak erabakiak hartzen, lanak adosten eta diseinatzen hasi ziren. Dena den, etxe bakoitzeko egoerak eta errealitateak hain anitzak direnez, beharbada beti, ezin izan dugu egin dena, guk nahi izango genukeen bezala.

Esan beharra dago irakasleok ahalegin handiak egin ditugula egoera presentzialetik era birtualera pasatzeko. Eta ahalegin hauek, errekonozitzeaz gain, fruituak ematen ari direla uste dut. Une honetan tokapp, email, bideodeia eta jitsi meet hitz arruntak bihurtu dira gure artean maila guztietan. Hasieratik, arlo kurrikularra lantzeaz gain, argi eduki dugu ikasle eta gurasoen arlo afektiboa zaindu behar genuela, horregatik guraso eta ikasleekin komunikazio zuzena mantentzen saiatu gara.

Bi hile luze eta gero erabaki zen ikasturtea bukatutzat ematen zela. Horrek zuen hasierako planteamendua aldatu du?
Lehenengo momentutik etengabe ari gara erabakiak hartzen, kontutan hartu behar da eskenatokiak aldatzen ari direla hamabostaldiro, astero, egunero eta batzutan orduro eta honek ez duela errazten gure lana. Kontestu ezberdinetan erabaki ezberdinak hartu behar dira, zoritxarrez gauza gutxi daude gure esku eta Hezkuntza Sailetik protokolo argiak eskatzen eta itxaroten ari gara, dena den lehen esan dudan bezala ez da erronka erreza inorentzat. Gu lanean ari gara momenturo.

Etxe bakoitzean, zuek bidalitako saioen jarraipena jakitea da hurrengo erronka? Nola daramazue hezitzaile bezala ez jakin hori?
Ez dut ondo ulertzen galdera hau, guk bidalitako jardueretan, era ezberdinetan feedbacka egiten saiatzen gara: komunikazio zuzenean, autoebaluazio orrietan, galdetegien bitartez, email, dei telefoniko, bideodeien bitartez… Lehen Hezkuntzan irakasleak etengabe ari dira zuzenketak egiten eta guraso eta ikasleekin partekatzen. Nik ez nuke esango ezjakintasun handirik dagoenik guraso, ikasle eta irakasleen hartuemonak etengabekoak direlako.

Gurasoak, egun batetik bestera eta kasu hoberenetan, irakasle bihurtu gara. Zein da zuen aholkua?
Lehenengo eta behin esan behar dugu zuek, gurasook, orokorrean itzelezko lana egiten ari zaretela eta egiten ari zareten ahaleginak txalotu behar direla; aita, ama, langile, lagun, irakasle… eta ez dakit zenbat gauza gehiago bihurtu zareten.
Irakaslearen papera oso garrantzitsua da eta, benetan paper hori, guri dagokigu. Nahiz eta era presentzialean eskolan ez egon, komunikabideak zabaldu ditugu emailen bitartez edo deien eta bideodeien bitartez. Ez izan zalantzarik beharrezkoa denean zuen seme-alaben irakasleekin edo gurekin kontaktuan jartzeko eta aholkuak eskatzeko.

Datorren ikasturtea ere, ez ohizkoa izango dela sumatzen hasi gara. Ikasturte hau bukatu aurretik ezer jakingo ahal da? Antolatzen hasiak zarete?
Bai, hausnarketak egiten hasi gara eta guk espero dugu ekainean zehar zeozer jakitea. Datorren ikasturtea planifikatu behar dugu iraila baino lehen baina zoritxarrez, egoera honetan, zuek dakizuen beste dakigu guk. Izan ere, bai zuek bai gu, aldi berean enteratzen gara hedabideetan zabaltzen diren neurri, asmo eta planteamenduez.

Lehen esan dudan bezala, denontzako protokolo argiak behar ditugu eta hori eskatzen ari gatzaizkio Hezkuntza sailari. Gu egoera ezberdinak baloratzen ari gara, baina Osasun eta Hezkuntza sailen aginduen zain gaude. Protokolo argi bat jakin arte ez gara ausartzen ezer aurreratzen. Oso argi dago aldaketak egongo direla, gutxienez lehenengo hiruhilekoan. Dena den, beti egin dugun bezala, jakin bezain pronto jakinaraziko dizuegu.

Umeen presentziara ohituak zaudete. Nola daramazu zuk gabezi hori?
Egia esateko ondo ez, umeen presentzia ezinbestekoa da ikastetxe guztietan. Gure zentroan, zuek dakizuenez, umeak dira protagonista nagusiak arlo guztietan. Giza kontaktuaren garrantzia ezin da alderatu teknologia berriek ematen omen dituzten abantailekin. Baina ez badigute uzten ikastetxera behar den bezala bueltatzen, teknologia berriei ahalik eta etekin handiena ateratzen ikasi beharko dugu.
Dena den, denok, ikasleak, gurasoak eta irakasleak normaltasunera bueltatzeko irrikitan gaudela uste dut.

Gai librea. Hitz batzuk eskolako irakasle eta beste langileei?
Denon artean honetatik sano eta ondo ateratzea lortuko dugu. Elkar zaindu beharko dugu. Gure indarra eta gure animoa beti egongo dira hor, edonori laguntzeko. Eta esaera zaharrak dioen bezala, ezina ekinez egina.

Eta azkenik Jose. Umeentzako mezurik?

Mundu honetako garrantzitsuenetarikoak zarete, bai zuen gurasoentzat bai guretzat. Primeran egiten ari zarete dena, benetan. Dakizuenez euria egiten duenean ostadarra ikusi ahal dugu, gainera daukagun zaparrada honek ez zaituzte bustiko, zuek euritakorik hoberenak dauzkazuelako: zuen gogoa, zuen ardura eta zuen erantzukizuna. Dena irtengo da ondo, ikusiko duzue.

Milesker Jose. Gora zuek!