Bizikidetza

Jolas-ordu eta patioen eraldaketarako prozesua

Eskolako jolastokia librea eta askea dela pentsatu izan dugu askotan, umeek nahi beste jolastu dezaketela, nonahi. Aldiz, desoreka handiak topatzen ditugu taldeetan edo espazioen banaketan, eta haietako asko baztertuak sentitu daitezke.

Allende Salazar eskola hobetzeko asmoz, jolastokiaren inguruko hausnarketa abiatu nahi dugu. Jolastokia espazio hezkidetzagilea, interesgarria eta aberasgarria izatea nahi genuke bertan egoten diren pertsona ororentzako, eta bide honetan, eskola komunitate osoaren iritziak bildu nahi ditugu.

Azaroa, abendua eta urtarrilean burutuko dugun prozesu honetan, ikasleak, irakasleak, jantokiko hezitzaileak, bestelako langileak eta familiak inplikatu nahi genituzke, uste baitugu eraldaketa sakonak lortzeko guztion parte hartzea erabat beharrezkoa dela.

Lehenengo eta behin egungo espazioa aztertuko dugu, hutsuneak eta beharrak identifikatzeko. Ondoren, amestera gonbidatuko zaitugu etorkizuneko patioa diseinatzeko, eta adostasunak bilatuko ditugu etorkizuneko patioa guztion neurrikoa izan dadin.