Elkarrizketak

Iratxe Amezuari elkarrizketa

“Jasotzeko, eman ere egin behar dela irakatsi zidaten niri”

Urte mordoa joan dira zu, Bego, Aitor eta beste guraso arduratsu batzuek Guraso Elkartean (GE) parte hartzeko pausua eman zenutela. Goraipatzekoa! Zer esango zenioke eskolara iritsi berri den guraso bati GEn parte hartzera animatzeko?

Eskolara etorri barri den guraso bati GEtik eskola beste hurbiltasun batekin, bere arazo eta bertuteekin ikusten dela esango nion. Da errealitate hori ezagutzea eta horretan laguntzea betetzen zaituela.

Leire Etxebarria, Itsaso Mendieta eta ni neu, beste guraso batzuk bezala eskolara sartu barri hasi ginen GEn. Guraso asko geratu dira bidean, euren umeen ibilbidea eskolan epemuga bat duelako (12 urte alegia). Baina eman duten denbora eta egindako lana eskertzekoa da. Hasieran, nik neuk ere ez nekien norainoko lana egiten zen eta egin ahal zuen GEk eskolarekiko eta umeenganako. Urteetan zehar, egiten den lan guztia eskolak eta umeen mesederako dela ikusi dut. Lan egiten duten gurasoak zerrendatzea saila da. Azken bost – sei  urteetan Bego Omaetxebarria ere izan da GEko oinarri eta zutabe garrantzitsu bat.

GEren ardura gorena eraman duzun azken 8 urte hauetan, nola izan da zuzendaritzarekin izandako harremana?

Ba , zortzi urte luzeak izan dira. Gure umeen hezkuntzarekin lotuak dauden hainbat gai izan ditugu esku artean: erlijioa, ordutegia, hezkuntza proiektua, jantokia, eskola bidea esaterako. Egia esan, gure gorabeherak izan ditugu, bai, haserreren bat baino gehiago ere. Baina mahai gainean jarri ditugu gaiak, eta  horrela ikasi dugu gure eskolan hartzen diren erabakien zergatia partekatuz, elkar ulertuz, denok irabazten dugula. Beraiekin harreman ona eta estua izatea ezinbestekoa da.

Gurasoen eskola zure ekarpenetariko bat da. Zer behar du proiektu honek bere horretan jarraitu ahal izateko?

Guraso Eskola 2014ean hasi genuen eskolako irakasle izandako Aritzek eta biok. Aurreko urteetan hitzaldiak egiten ziren eta ez genuen ikusten parte hartze nahikoa zegoenik. Guraso bezala gure umeen hazkuntzan sortzen diren egoeretan prebentzioa eta aholkularitza bide bat izatea nahi genuen. GEk esfortzu handia egiten du ekonomikoki hau sustatzeko eta parte hartzea, gurasoentzako dohainik izanda ere, ez da larregikoa. Bultzada bat behar du, bai, mahai gainean jarri behar dugu eta ideia berriak zein ekarpen desberdinak aztertu.

Gure jantokiarena, Euskal Herri mailan goraipatzen hari den egitasmoa da. Zeintzuk dira GE iraultzaile batek aurrerantzean garatu beharreko proiektu berriak zure iritziz?

Jantokiarekin egin den proiektuak daukan dimentsioa, eta hemendik aurrera eman nahi zaiona, benetan oso harro egotekoa da. Hortik aparte, garrantzia emango nioke hezi kidetza eta bizikidetzari, bai eskola mailan bai herri mailan ere. Jantokia, jolasaldiak, kirola, eskolaz kanpoko ekintzak, egunerokotasunean ematen diren egoera desberdinak, oso elkar lotuak ikusten ditut bizikidetzarekin, errespetuarekin, baloreekin. Eta gu eskola oso handia izanda, egoerak asko eta oso desberdinak dira .

Hezkuntza sistema berritzaileak ere daude Europa mailan eta agian gain begirada bat ematea ere ez da desegokia. Mugimendu txiki askok, egiten dute mugimendu handi bat sortaraztea. Eskola ez da bakarrik materiak eta curriculuma betetzea, beste arlo basiko asko lantzen dira haur hezkuntza eta lehen hezkuntzan.

Ordu mordoa eman dituzu eskolaren eta azken finean, zureak ez diren eskolako ume askoren alde. Familiarekin eman ez dituzun ordu horrek konpentsatzen al du besteen alde emandakoa?

Bai, egia esan honetan sartu nintzenean nire seme alabek  2 eta 3 urte besterik ez  zuten. Negar egiten zuten nik batzarretara joan  beharra nuenean. Baina, parte hatu behar nuela sentitzen nuen. Daukadan pena da,  beste  guraso askorengan ez piztu izana parte hartze beharrizana, harrera komodo batean mantendu izana.  Beraien seme alabak ere eskola berdinean daude. Jasotzeko, eman ere egin behar dela irakatsi zidaten niri. Guraso batzuk oraindik galdetzen dutenean “zu, GEkoa zara ezta? Egin ahal duzue …?” ez dut ondo onartzen.

Zure seme -alaba eta etxekoentzako eredu argia zarela badakigu. Zer diote beraiek ama presidenteari buruz?

Ba, egia esan ez diot nire buruari saririk edo garrantzirik eman presidente izateagatik. Baina nire seme alabek ere eskolak egiten dituen barne batzordeetan parte hartzaile izan dira urte batzuetan, ja,ja,ja. Beraz, zerbait landatu dudala esan ahal dut, momentuz behintzat.

Ibilbide honetan zurekin lanean izandako lagun mordoa ere gogoan izango dituzu ez?

Nola ez! Ni ez naiz Gernikarra jaiotzez eta, egia esan, ibilbide honetan lagun minak egin ditut bai.  Ezinegon berdinak mugitzen gaituen guraso lagun minak, gure seme alabek lagun direlako eta elkarrekiko harremanak dituztelako.

Zein aholku emango zenioke zu ordezkatuko zaituen pertsonari?

Ni ordezkatu nauen Dabid Zelaiak, lehenagotik ere dabil eskolaren alde buru belarri lanean. Bere inguruan, ilusio eta indarrez beteriko lan taldea pilatzen dabil. Guraso berriak, ekarpen eta ilusiozko zaku betez. Orain arte egindako lana jarraitzeko eta nola ez, hobetzeko nahiaz. Jarraipena izateak lasaitasuna emango digu bagoazenei. Ongi etorri lagunok! Eskerrik asko gure umeen aldeko eskola eta hezkuntza prozesuan lan egiteko gogoa eta ilusioa izatearren.

Lau hitzetan…laburbildu zer izan den zuretzako GE.

Ni, irakaskuntza mundutik ez natorren ama bezala, Nire seme alaben eskolarekiko 10 urteko ibilbidean parte hartzera eta ikuspegi zabalagoa izatera lagundu didan elementua izan da.

Milesker Iratxe. Gora zu! (Eta Bego, eta Aitor, eta Leire…)