Eskolaz kanpokoak

Ibai Arritolari elkarrizketa

“Baloreak eta kirola bat eginda doaz, eta guk argi dugu, baloreak kirolaren aurretik doazela”

Ibai Arritola López (1991 Gernika). Kirolari amorratua den honek hiru urte daramatza eskolako kirol arduradun izaten. Taldeak osatu, entrenatzaileak bilatu, asteburuko neurketak antolatu zein materiala kudeatu. Mila eta bat buru hauste. Baina beti ilusioz. Gure umeei jarrera baikorra zer izan behar duen azalduz. Eskerrik asko, Ibai.

 

Zeintzuk dira kirol arduradun baten egin beharrak?
Denetik egin behar izaten da: partiduen ordutegiak, materiala kudeatu, entrenatu, guraso elkartearekin harremana izan eta nola ez, ahal den gauza gehienetan laguntzea.

Eskolarteko neurketak asteburu honetan hasi berri dira eta umeak irrikitan, urduri ere daude. Halere, irailean zehar egin beharreko lana mardula izaten da, ez?
Ba, bai horrela da. Hasierako lana nahiko potoloa izaten da: eskola kiroleko plataforman umeak altan eman, taldeak eraiki, gurasoekin batzarrak egin. Umeen kontuan ere lan gehiago egoten da hasieran arauak eta errutina bat finkatu arte. Umeek egia da irrika handiarekin heltzen direla eta hasierako egun horiek apur bat zoroagoak izaten dira, baina azkar ulertzen dituzte jarraitu beharreko oinarrizko arau eta jokabideak.

Datu batzuk izatekotan, aurten zenbat talde izango dira eskolan?
Urtero ume kopurua handiagoa da. Ikasturte honetan saskiko 8 talde, futboleko 5, multikiroletan 3, eskaladako 2, judoko beste 5 eta herri kirolak zein atletismoa izango ditugu. Guztira 6 – 12 urte bitarteko 345 ume arituko dira.

Eta umeen bidelagun izaten 22 begirale gara guztira. Julen Gomez saskibaloian eta ni orokorrean koordinatzen.

Eskolarteko kirol ekintza arrunt honetaz gain, zein beste kirol ekitalditan parte hartzen du eskolak?
Hainbat ekintzatan hartzen da parte, bai: Milla Herrikoia, Duatloi txiki, Bizikleta astea. Honetaz gain Allendeko kirol astea ere antolatzen, orain dela urte batzuetatik hona.

Beste eskoletako zein udaleko arduradunekin harremana nolakoa da?
Harreman nahiko zuzena izaten dugu. Whatsapp talde bat dugu, eta gure arteko harremana oso sanoa da. Edozein arazo dugunean, bata besteari laguntzeko prest gaude. Denon artean errazagoa da lan egitea. Taldeko lana da bide zuzena.

Kirola eta baloreak. Zein balore lantzen saiatzen zarete kirol taldetik?
Gure baloreen laburpena ERRESPETUA hitzarekin laburbildu dezakegu. Lantzen saiatzen garen baloreen artean talde lana sendotzea, gauzak egiten saiatzea, taldekideei laguntzea edo aurkariekiko errespetua izatea aipatu daitezke.

Azken finean baloreak eta kirola bat eginda doaz, eta guk argi dugu, baloreak kirolaren aurretik doazela. Hori umeei ulertarazten saiatzen gara. Irabazteko duten grina hori kudeatzen, zerbait txarto egin denean berriro saiatzen, arazo baten aurrean ez kikiltzen, talde bezala pentsarazten. Askoz lan handiagoa daukagu honelako gauzetan, kirol arloan baino.

Noiz behinka, gurasoen jarrera ez egokiak gertatzen direla irakurtzen da hedabideetan. Zer esango zenieke kirol neurketak edo umeen kirol ibilbidea sutsuki bizi dituzten guraso horiei?
Gauzak naturaltasunez hartzeko. Umeak bere bidea darama eta inguruan gaudenok arau eta muga batzuk markatu behar dizkiogu, baina beti ere askatasun maila bat eskainiz. Berak behar eta nahi duen bide hori askatasunez jorratzeko.

Umeek, kirola gustatzen zaielako, egiten dute. Batzuek 3 ordu ematen dituzte jolasten eta beste batzuek 5, esaterako. Bakoitzaren erritmo hori errespetatu egin behar dugu. Erritmo hori apurtuz gero, batez ere askoz gehiago entrenatuz, umearen kalterako izango da. Ume batzuk baliteke kirol horretaz nazkatzea. Hori ez da bidea.

Beraz, laburbilduz, umearen erritmoa errespetatzea eta disfrutatzea da gakoa.

Eta eskolaz aparte, nor da Ibai Arritola eta zer da kirola zuretzako?
Kirola nire bizitzako zati oso garrantzitsua da. Txikitatik futbolera jolastu dut eta oraindik jarraitzen dut jolasten, baina beti gustatu izan zaizkit kirol guztiak. Talde askotan ibili naiz nire kirol ibilbidean: Athletikeko harrobian, Bermeon, Gernikan, Loiun, Busturian. Denetatik ikasten duzu eta esperientzia ezin hobeak dira.

Gainera, duela 12 urte entrenatzaile hasi nintzen eta bide luze bat egiteko asmoa daukat esparru honetan.

Ikasketei dagokienez, Lehen Hezkuntzako Diplomatura egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Haur Hezkuntzako Goi mailako ziklo bat ere badaukat. Eta nola ez, futboleko entrenatzaile titulua. Umeen munduan aritzea gustuko dudala argi dago.
Zaletasunei dagokienez, beste edonori moduan, kirola, lagunekin egotea, ahal dudanean bidaiaren bat egitea, serieak ikustea dira gogoko ditudanak.

Irakatsi eta ikasi. Umeengandik ere asko ikasten duzue begiraleok, ezta?
Umeei irakatsi, gutxi egiten diegu; barruan daramatena ateratzen laguntzea da helburua. Askoz garrantzitsuagoa da hori lortzea.

Eta nola ez umeengandik egunero ikasten dugu. Guretzako sekulako ikasketa prozesua da. Gure eskemetatik kanpo dagoen zerbait egiten dutenean pentsarazi egiten digu. Askotan, egin duten hori guk pentsatzen genuena baino hobeto pentsatua dagoela ikusten dugu. Umeen erreakzio natural horiek asko pentsatutakoak baino indartsuagoak dira gehienetan. Beraz, umeei arreta handia jarri behar diegu. Esaten eta egiten dutena entzun eta ikusiz, gauza interesgarri asko egon ahal direlako pertsona helduontzat ere.

Eta noiz arte izango da Ibai gurekin? Indarrez zaude?
Egia esan, ez naiz horretan pentsatzen jarri. Momentuz oso gustura nago eta seguru horrela jarraituko dudala. Momentua disfrutatuko dut, azken egunera arte.
Goraipatzekoa da Guraso Elkarteak egiten duen lana eta, batez ere, langile garenoi ematen dizkiguten erraztasunak. Gustura egotearen arrazoi handienetako bat hau da. Guraso Elkartearen barruan pertsona bat goraipatu nahiko nuke: Ainhoa Uribarri, nire begiralea bezalakoa da. Edozein arazo, duda dugunean, konturatu bezain pronto hor dago. Mila esker!

Mila esker, fenomeno! Lan bikaina zurea. Eta goraipatzekoa zure izaera. Horrela jarraitu Ibai.