Elkarrizketak

Haur hezkuntzako andereñoei elkarrizketa

“Gomendiorik garrantzitsuena umeekin denbora pasatzea da. Kalitatea eta kantitatea. Biak dira beharrezkoak”

 

Karmen Elesgarai, Elena Otazua, Txaro Gezuraga eta Janire Arrazola (Haur Hezkuntza 4 urteko irakasle taldea). Heldu zein gazte bide bat daramate umeen hezkuntzan duten hoberena ematen. Gure txikien heziketan. Gaurkoan gurera ekarri ditugu beraietaz zein egiten duten lanaz gehiago jakiteko. Bagoaz.

Laukote ederra osatzen duzuela agerian da. Zuetariko hiruk bide bat daramazue eskolan, Janire berriz iritsi berria da. Nola uztartzen da hori? Irakasle berrien etorrerak aire freskoa dakar?
Denon ekarpenak dira baliagarriak. Etorri berri diren irakasleek ideia berriak ekar ditzakete. Berton lanean urteak daramatzagunok, ordea, sistema honetako metodologia ondo ezagutzen dugu. Batak bestea osatzen du.

Aurreko galdera borobiltzeko. Txaro, Karmen eta Elenaren esperientziak zer suposatzen du zuretzako Janire?
Beraien esperientzia nirekin partekatzea aberasgarria da niretzat. Jasotzen ditudan aholkuak eskertzen ditut.

Etxetik gertu lan egiteak baditu bere alde on zein txarrak. Irakaslea goiz eta arratsaldez. Nola eramaten duzue hori?
Etxe ondoan lan egiteak dituen abantailak gehiago baloratzen ditugu erabat.

Gure umeentzako erreferente garrantzitsua zarete. Hori badakizue. Pozgarria da gurasoan berotasuna kaletik jasotzea?
Bai, denok dugu gogoko gure lana baloratua izatea.

Lehen, orain eta gero. Txaro, Karmen eta Elena zein ezberdintasun aipagarri ikusten dituzue lehen eta gaurko heziketa sisteman?
Lanean ari garenetik Haur Hezkuntzan lan egiteko ezagutu dugun era txokoetan oinarrituta egon da, ardatza jolasa izanik. Gaur egun, garrantzi handiagoa ematen zaio sentimendu eta emozioen arloari eta sakonago lantzen da. Gizartea aldatuz doan heinean, gu ere moldatuz goaz, ahal dugun neurrian erronka berriei erantzuteko.

Hezkuntza sistema anitzak dira. Gurea Amaraberri sistema da. Zein berezitasun nabarmenduko zenituzkete?
Ezaugarri eta printzipio metodologikoak asko diren arren, esanguratsuenak aipatuko ditugu: indibidualizazioa, sozializazioa, aktibitatea (umeak bere kabuz aritzeko ahalmena), zertarakoa (jardueraren irteera) eta lan metodoa (autonomia ahalbideratzen duena). Haur Hezkuntzan, txokoetan lan egitea hedatuta dago edozein sistematan. Hori dela eta, etorri berriek ez daukate arazorik gure sistemara moldatzeko.

Pertsonatxoak eratzen. Zeintzuk dira 4 urteko umeek ikasturtean zehar lantzen eta garatzen dituzten abileziak?
Beste batzuen artean kognitiboak, hizkuntzakoak, motoreak, adimen emozionala eta hartu – emonetakoak dira. Ikasturte hasierako batzarrean gurasoei zehaztasunez azaltzen zaie landu eta garatuko den guztia.

Guraso garenok beti gaude belarriprest zuen aholkuei. Zein da guri helarazi beharreko gomendioak?
Gomendiorik garrantzitsuena umeekin egotea da, beraiekin denbora pasatzea. Kalitatea eta kantitatea. Biak dira beharrezkoak.

Matrikulazioaren beherakada iragartzen dute medioek. Gure eskolak berriz gora jo du. Nola ulertzen da hori? Non dago gakoa zuen ustez?
Denetik egon daiteke: batzuk sistemagatik, beste batzuk jantokiagatik, hurbiltasunagatik edo diruagatik. Baina, arrazoi nagusiena, guraso asko hezkuntza publikoaren alde dagoela uste dugu.

Zorionez, aspalditik, Guraso Elkarte aktiboa dugula esan dezakegu. Nola deritzozue hezitzaile bezala, guraso elkartearen papera eskolarekiko (jantokiko proiektua, bizikidetza proiektua, guraso eskola, komunikazio proiektua, eta abar.)?
Lan handia egiten ari dira gauzak hobetzeko hainbat proiektuetan (jantokia, ortua, bizikidetza besteak beste). Erabat eskertzekoa da beraien lana, denbora eta gogoa.