Gaur Dabid Zelaia-Zugadi zendu da, urte luzez Allende-Salazar Herri Eskolako Guraso-Elkarteko zuzendaria izan den laguna. Zure falta sumatzen dugu gaur, baina zure presentzia bizirik dago eta egongo da gure artean.
Eskola honetan egin zenuen bidea ez da soilik oroitzapen bat izango:
egunerokoan, gure umeen artean, zure aztarna arnasten da eta arnastuko da.
Zurekin eta zure eskutik amestu genuen eskola hobe bat,
eta amets hura denon artean errealitate bihurtu genuen.
Utopiaren mugetatik abiatuta, jantoki autogestionatua bihurtu zenuen
gure umeen eguneroko errealitate eta jaki:
hamarkada bat baino gehiagoz plateretik ahora, elkartasunetik eta konpromisotik elikatutako espazio bat.
Guraso-elkarteko koordinazioaren ardura grinaz hartu zenuen,
eta baratzetik arkatzera eramaten jakin zenuen hezkuntza: lurretik eta komunitatetik sortzen den jakintza.
Zure lanak komunitatea ehundu zuen,
herri honek merezi duen eskola publikoaz harro dagoen komunitatea.
Gernikako bihotzean eskolako 50. urteurrena ospatzen ikusi zintugun,
ideia zoroak gorpuzten, ametsak gauzatzen, eta beti besteon indarra pizten.
Zurekin batera ikasi dugu komunitatearen benetako indarra nondik datorren:
elkar zaintzetik, elkarrekin egitetik, elkarri sinestetik
Allende Salazar Herri Eskolako maisu izan zara sarri,
eta Eskola Publikoa erdigunean jarri duzu une oro:
zure lanaren, ahotsaren eta konpromisoaren bidez.
Gure gidari izan zara hainbat eta hainbat bidegurutzetan,
zalantzen eta erabakien artean, beti argi eta irmo.
DANONA den Eskola Publiko baten ametsa izan duzu bihotzean,
eta zin egiten dizugu, Dabid, elkarrekin hasitako bideari jarraituko diogula.
Lana eta emozioa uztartzen irakatsi zenigulako,
eta jada ez dakigulako beste era batera egiten.
Begira zauden tokitik egonda ere, harro sentiaraziko zaitugu,
zure ametsek eta gure komunitateak eskutik helduta jarraituko dutelako.
Eskerrik asko, Dabid, eskola komunitatea ehuntzeagatik.
Eskerrik asko, utopiak errealitate bihurtzearren.
Eskerrik asko, gure eskolaren sustraiak betiko eraldatzeagatik.
Besarkada handi bat, Eider, Hodei eta Ainhoa.