Albisteak

Eskualdearekiko konpromisoa eta goi-mailako produktuak batzen dituen Jantoki Eredua

Allende Salazarren altxorrik preziatuentarikoa da bere Jantokia Eredua. 2016ko irailean hasitako bideak tokiko ekonomia bultzatzea, inguruarekiko errespetua erakustea, eta elikadura osasuntsua eskaintzea bilatzen du. Erreportai honetan Jantoki Ereduaren zehaztasunak argituko ditugu, eta azkenengo urteetan egindako bidea birpasatuko dugu.

“Tokiko ekonomia bultzatzea, ingurugiroarekiko errespetuan oinarritzea eta elikadura osasuntsua eskaintzea”. Besteak beste, balio eta helburu horien baitan ardazten da Allende Salazarreko Jantoki Eredua. Izan ere, 2014an hasi genuen gaur egun eskaintzen dugu goi-mailako eredu honetara eraman gaituen bidea. Urte hartan, eskolako komunitateak sortutako batzorde bat sortu zen. Aipatu batzordearen helburua umeen jateko ohiturak aldatzea zen, eta hamaiketakoan irensten zutena eraldatzetik, jantoki eredu osoa birmoldatzera iritsi dira.

Prozesu luze hori kontatu baino lehen, baina, gaur egun eskaintzen duguna kontatzera gatorkizue. Eskolako jantokian eskaintzen diren menuak sasoikoak, tokikoak eta kalitatezkoak diren produktuek osatze dituzte.  Baldintza horiek zorrotz betetzeko helburuari jarraituz, Guraso Elkarteak, besteak beste, elikagaiak erosteaz eta menuak diseinatzeaz arduratzen den pertsona bat dauka kontratatuta.

Merkatu arloan eskaintzak egiten direnean, ohikoa izaten da hitz politzez osaturiko kontakizunak aurkitzeak. Guk, horrez gain, datuak eskaintzen ditugu. Jantokira heltzen diren produktuen %44 ekologikoak dira, %25 baserriko labeldunak, %22 naturalak (arrain freskoak, lekari naturalak…), eta %9 soilik konbentzionalak.

Kalitatezkoak eta freskoak diren produktuak eskaintzeari berebiziko garrantzia ematen diogun arren, gure kezka nagusienetako bat inguruko produktuak eskaintzean datza. Horregatik, umeek bazkaltzen dituzten jakien %45a Busturialdetik ekarritakoak dira, alegia, 15 kilometroko itzulinguruan ekoizturakoak dira. Bizkaitik ekartzen dira produktuak %28, Gipuzkoa eta Arabatik %7, Nafarroatik % 5, eta Espainiar Estatutik gainontzeko %15.

Datuak, ostera, hotzak izaten dira sarri. Horregatik, gure produktuak ekoizten dituzten saltzaileei izen-abizenak jartzea komenigarri ikusten dugu. Gurera ekartzen dituzten jakiak, besteak beste, Mendiondo okindegikoek, Bizkaigane esnekietakoek, Ajangizko Aristieta etxekoak edota Iturbe Anaiak harategikoek. Horiez gain, eskualdean euren kabuz ekoizten dituzten pertsonengana ere jotzen dugu. Errigoitiko Maka Jimenez, Muxikako Josu Uruburu, Busturiko Vanesa Valcarce, Ereñoko Asier Urionabarrenetxea, edota Ajangizko Iñigo Garin dira gure konfiantzazko bezeroetako batzuk.

Politika hauen bidez, kalitate eskaintzeaz gain, eskualdeko ekonomia bultzatzeko konpromesua berresten dugu. Ez hori bakarrik, lehen sektorea suspertzeko ahaleginak ere egiten ditugu, nekazariekin harreman estuak eraikiz.

MOLDATZEKO GAITASUNA

651 ume dauden jantokia baten normala den bezala, behar espezifikoak dituzten umeak daude- une honetan, 75 ume dira-. Behar horiei erantzuteko, Guraso Elkarteak kontratatutako pertsonak ume horiei moldatutako menu bereziak osatzen ditu, guztira 20 menu berezi eskainiz.

Bazkaltzen dena garrantzitsua bada ere, jantoki batean zaindu beharreko beste hainbat faktore daude. Horien artean aurkitzen da, esaterako, garbitasuna- inguruarena zein jakiena-. Alde horretan segurtasunez jokatzeko asmoz, jantokian langileek hurrengo baldintzak betetzen dituzte:

-Hornitzaileen homologazio plana, eta bakoitzaren fitxa prestatu

-Elikagaien sarrerako kontrola egin eta dagokion erregistroan jaso

-Ekoizpen trazabilitatearen erregistroa bete.  

-Manipulazio egoki bat egiteko ezartzen diren neurri higieniko-sanitarioak betetzen diren konprobatu eta erregistro orrian jaso

-Garbiketa eta desinfektazio plana

-Izurriteen kontrolaren plana

-Makina eta instalazioen mantenu plana

-Formazio higieniko-sanitarioen plana

EMANDAKO PAUSUAK

Gaur egun eskaintzen dugun jantoki eredua ulertzeko, 2015ra egin behar dugu salto. Urte horretan, Eusko Jaurlaritzak jantokia eredua aldatzeko lau proiektu piloto aurkeztu zituen. Allende Salazarrek alimentazio eredua aldatzeko konpromisoa hartuta zuenez, aukeratutako proiektuetako bat izan zen. Horrela, 2016ko irailetik aurrera, gaur egun ezagutzen dugun eredua ezartzen hasi ginen. 

Jantokiko eskaintza eta kalitatea hobetzen jarraitzeko etengabeko pausuak ematen igaro ditugu zortzi urte hauek. Gaur egungo testuinguruarekin oso pozik gauden arren, hobetzen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, eta gure umeak ahalik eta tokirik onenean egoteko ahalegin guztiak egingo ditugu.

JANGURIE PROIEKTUAREN PARTE

Jantoki eredu eta ohiturak aldatzeko asmo horri jarraituz, Allende Salazar Jangurie proiektuan murgildu zen 2017. urtean. Busturialdeko ikastetxe eta institutuetako jantoki eredua aldatzeko sortu zen Jangurie Urdaibako Eskola Jantokien Ekimena. Urte hauetan zehar, batzordeak osatu dituzte, eta zentro desberdinetako ereduak hobetzen joateko erabakiak hartu dituzte.