Elkarrizketak

Xabier eta Ager, gure lurzoruaren defendatzaileak

“Gure seme–alabei inguruarekiko jasangarriak diren ereduak erakustea da dagokigun erronka”

Xabier Albizu (Markina – Xemein 1978) eta Ager Iturbe (Busturi 1991). Patronatuko ingurumen teknikaria eta eskualdeko abeltzaina. Bata zein bestea gure lurzoruaren defentsan eta zaintzan dihardute. Gaurkoan gurera gonbidatu ditugu Urdaibai eta inguruko lehen sektoreaz, jantoki proiektuaz zein ingurugiroaren zainketaz aritzeko. Hor goaz!

 

Klima aldaketaren eztabaida bogan dago. Zein da zuen pertzepzioa? Gure eskualdean nabaritu da? Biodibertsitatea kolokan dago?
Xabier: Nik daukadan pertzepzioa, jada klima aldaketaren eraginak nabaritzen hasi garelakoa da. Batez ere, gurea den lehenengo sektore honetan. Nekazaritzan, klimaren eraginez, barazki eta fruituen produkzioak gutxitzen eta dagozkien sasoietatik kanpo jasotzen gabiltza. Basogintzari dagokionez inoiz ikusi izan den gaixotasunik larrienetako pairatzen gaude, “banda marroia” deritzona. Gaixotasun honen hedatzea batez ere, azken urteotan eman diren kondizio klimatikoengatik izan da.

Ager: Klima aldaketa nabaria da eta urteak aurrera egin ahala gero eta gehiago. Azkenean, zientziaz dakitenek hori esaten badute zerbaitegatik izango da. Nik uste dut, txikia nintzenetik ona gauzak aldatu egin direla. Neguetan sarritan ikusten nuen “leixe” (izotza) zelaietan eta esango nuke gaur egun ez dela horrenbeste ikusten; eta gainera, gaur egungo udak beroagoak izaten direla ere esango nuke. Zorionez, guk suertea daukagu Euskal Herrian euriarekin. Momentuz sarritan egiten du eta hori ona da gure landare eta animalientzat. Halere, argi dago natura zaintzen ez bada, epe batera gure eskualdeko biodibertsitatea kolokan jarriko dela eta bertako espezie batzuk galtzera ere iritz gaitezkeela.

Globalizazio gailentzen den mundu honetan, sektore ekonomiko handien menpe gaude. Herri ekonomiak halere badu bere aukera. Zein da eskualdeko kontsumitzaileen erantzukizuna honetan?
Xabier: Eskualdeko kontsumitzaileen erantzukizuna bertoko produktoreek duten añakoa izan beharko litzake. Azkenean kontsumitzaileok konturatu behar gara inguratzen gaituen paisaia hau, alde batetik, gure nekazariek urteen poderioz moldatutako paisaia dela. Bertokoa kontsumitzen dugunean, alde batetik, sasoiko produktuak kontsumitzen ditugu.

Halere, bertokoa kontsumitu ahal izateko, nahi eta nahi ezkoa izango litzateke, eskualdean esplotazio berriak jartzea. Berebiziko garrantzia dauka, gazte jendea lehen sektorera erakartzeak eta berauen etorkizuna lehen sektorean garatzeko aukera ematea. Urdaibai – Busturialdea osatzen duten eskualdeko herrietako bizilagun guztiei prezio konpetitibo baten eskaintzeko.

Horretarako lurra lortzeko dauden oztopoak gainditzea ezin bestekoa da. Gaur egun, lurraren jabegoa orokorrean pribatua izanik, zaila da eraikuntza-presioaren eraginez lurrari jartzen zaizkion salneurrien distortsioak saihestea. Zoritxarrez, gainera, sarritan lurrik emankorrenak (nekazal jarduerarako egokienak) hirigintzarako interes ekonomiko handiena dutenak izaten dira (lauak, herriguneetatik hurbil daudenak…). Badago, ordea, tresnarik lurraren transmisioa errazteko, lur-bankuak kasu. Jabe pribatu askok interesa daukate beraien lurrak egoera onean mantentzeko, eta lur bankuek lur horien ardura hartuko duen norbait topatzeko erraztasunak ematen ditu.

Eskolatik sortu den jantoki proiektuak herri ekonomiaren indartzea du bere ardatzean. Zein iritzi duzue honetaz?
Xabier: Eskolatik sortu den ekimen honek, ekonomiaren indartze bat ekarri ahal duenik ez dut dudan jartzen. Baina horretarako ekonomia hau oinarrietatik (lehen sektoretik) zuzendu beharrekoa izan beharko luke. Gure nekazarien produktuekin jantoki kolektibo bat hornitu ahal izateko, plangintza zehatza beharrezkoa da. Horretako, gaur egun gure eskualdean ustiatzen diren produktuen barietatea handitzea beharrezkoa izango litzake, zeren, banaketa enpresen erosketa irizpideek eta logistika modernoak, produktu barietate zehatz batzuekin lan egitera eraman baititu gure baserritarrak.

Ager: Uste dut, sortu den proiektu hau oso aproposa dela eta bai ematen diola indar handiagoa enpresa txikiei. Honelako gehiago beharko genituzke zona honetan.

Heziketa ere lantzen hasi gara jantokian. Eskola curriculumean honi lotutako gaiak landuko dira. Asmo ona deritzozue?
Xabier: Oso ona, zeren gaur egun, globalizazioa dela medio, ez dakigu ze fruitu eta barazki diren bertokoak eta zeintzuk kanpokoak. Bestalde, fruta eta barazki bakoitza zer sasoitako den ere jada ez dakigu.

Ager: Bai asmo ona iruditzen zait, azkenean dena onerako egiten denean eta laguntzeko bada dena da positiboa. Zabaltzen joan behar gara gure lurraldean produktu ugari eta osasuntsuak existitzen direla.

Ekoetxean ekintza agenda oparoa duzue. Posible litzake ekintza horiek eskoletan eskaintzea? Curriculumean parte izatea?
Xabier: Lehenik eta behin, argitu beharra egongo litzake, nik lan egiten dudan Urdaibai Biosfera Erreserbako zerbitzuak ez duela Ekoetxeako ekintza agenda kudeatzen. Berau Ihobe enpresa publikoak kudeatzen baitu. Bestalde, Ekoetxeara astean zehar etortzen diren bisitarien ehuneko handi bat inguruetako eskola umeak izaten dira, hortaz, nire ustez lehengo galdera hori erantzunda geldituko litzake. Curriculumaren parte izateari dagokionez, hori ere, uste dut eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailarekin hitz egin beharko litzake.

Eskualdeko ustiategi ezberdinei dagokionez. Nola deritzozue, abeltzain eta nekazarien egunerokotasuna txikiei, familiei zabaltzea? Eskualdeko turismoa kudeatzen dutenek zerbait landu, bultzatu beharko lukete honetan?
Ager: Aproposa iruditzen zait familiei zabaltzea. Horrela beraiek, produktuak nondik datozen ezagutzeko aukera izango dute: zer jaten duten, nola bizi eta hazi diren, zein kontrol eta inspekzio dituzten. Erabat osasuntsuak direla ikusteak, nire ustez, bestelako ikuspuntu bat ematen dizu.

Zein da eskolari eskaintzen diozuen produktua? Gure eskolaren iniziatiba beste eskola zein ikastola batzuetara zabaldu da? Eta beste enpresa edo erakundetara egin da saltoa?
Ager: Etxean bertan produzitu,hazi eta landu dugun produktua eskaintzen dugu. Haragia oinarrizko produktu bezala. Ba ez dakit zabaldu den edo ez, baina bertoko produktu osasuntsuak ikastola eta beste tokietara zabaldu beharko litzatekeela argi daukat. Bai edo bai.

Paisaia, lurzorua eraldatzen duten akzioak ugariak dira (errepideak, etxebizitzak, hondakinak, eukaliptoa eta abar). Zein da patronatuaren lana honetan?
Xabier: Patronatua ez dago mugak jartzeko, Patronatua Urdaibai Biosfera erreserbaren helburu nagusien arteko oreka bat lortzeko dago. Helburu nagusiak hauek dira: EGITURAZKO HELBURUAK. KONTSERBAZIO-HELBURUAK. GARAPEN JASANGARRIKO HELBURUAK. LAGUNTZA LOGISTIKOAREN HELBURUAK. Egin beharreko kanpainetako bat, Urdaibai Biosfera Erreserba zer den azaltzea izan beharko litzake. Jende askok Urdaibai Biosfera “muga” bezala ikusten du eta nik uste dut hau gainditu ahal izateko eta benetan Urdaibai Biosfera erreserba izatearen potentzialtasuna azpimarratzeko, behar beharrezkoa litzake informazio kanpaina indartsu bat egitea.

Beste alde batetik, eskualdeko eremu naturalaz gozatzeko aukerak ugaritu dira. Txorien behatokiak, bide gorriak, natur eremuan diharduten ibilbideak besteak beste. Zeintzuk dira etorkizunean ikusi al ditugun egitasmoak?
Xabier: Epe ertain eta luze batera hauek dira indartu nahi direnak:

  • Madariaga dorretxearen inguruaren eraldatzea. Urdaibai Biosfera erreserban eman nahi dugun mezua barneratu. Disfrutatu eta sentitu.
  • Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna garatzea. Lurralde bikain gisa aitortua izatea, garapen sozioekonomikoaren garapena sustatzea eta benetako eta kalitateko turismo-produktuak garatzea. Ingurunearekin bat egiten dutenak.
  • Lotura ibilbideekin jarraitu. Ibarrangelu eta Bermeoko oinezko zein bizikletaz lotzeko aukera emango duen ibilbidea osatzea.

Natura aurrez – aurre begiratuta. Zein da zuen aholkua, gomendioa guraso garenoi?
Xabier: Guk guraso bezala, gure seme-alabei zabaldu beharreko mezua, ondorengo hau izatea: “Gauzak egiteari ez zaie utziko, benetan aldatuko den gauza bakarra, gauzak egiteko era izango da. Eta hortaz, gure seme-alabek situazio berrietara egokitu beharra izango dute. Hori dela eta, nahi eta nahi ezkoa izango dute gogo – zabalez gauzak aztertzea”.

Beraz, gure seme-alabei eskaintzen diegun hezkuntza horretan, beharrezkoa da azaltzea egiten dugun edozein gauza gure inguruarekiko JASANGARRIA izan beharko dela.

Ager: Naturaren parte gara. Gure landare, intsektu, animalia zaindu behar ditugu horiek barik guk jai dugulako mundu honetan. Txikitan eskolan ikasi bezala naturaren zikloa bete eta errespetatu behar dugu.

Bide horretatik eskualdeko produktuen alde egin behar dugulakoan nago. Teknologia eta abar bai baina nonbaitetik bizi behar gara eta ondo elikatu barik ez dut uste bizirik dagoenik.

Dugun lurralde zoragarri eta emankor hau aprobetxatu behar dugu gure produktuak berton hazi eta bertokoak garenok ekoiztu ditzagun.