Euskaraldiko laugarren edizioan belarriprest eta ahobizi moduan izena emateko epea zabaldu dute. Maiatzaren 15etik 25era bitartean ospatuko da euskararen aldeko mugimenduaren 4. edizioa.
Ez dira betiko garai onenak euskararentzat. Euskeraren kale erabilera neurtzen duen Soziolinguistika Klusterraren arabera, Gernika-Lumon 10 pertsonatik 4k baino ez dute euskaraz egiten.
Argi dago ez direla datu onak. Egoera horren aurrean, euskara bultzatzeko hainbat ekimen sortu dira azkenengo urteotan, eta Euskaraldia izan da oihartzun handiena pilatu duen mugimendua.
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.
Euskeraren aldeko ariketa kolektibo bat da Euskaraldiak planteatzen duena, eta horretarako rol bi plantetazen ditu: Ahobizi eta Belarriprest. Horrela definitzen dute Ahobizien papera: “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut”. Belarriprestena, ordea, horrela: “Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan”.
Bata zein bestea aukeratuta, euskara sustatzea da helburua. Hortaz, Allende Salazarretik Euskaraldian parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Klikatu esteka honetan, eta parte hartu ezazu!