Albisteak

Bueltan dira mendi martxak!

1992an jaio zen Allende Salazar Eskolako Mendiko Batzordeak hilero antolatzen ditu mendi irteerak. Azaroaren 24ean emando diote hasiera 24/25 ikasturteari, guztientzako egokia den 11 kilometroko ibilbide erraz batekin.

Mendiarekiko zaletasuna. Euskal Herritarron DNA-n dagoen ezaugarrietako bat da. Baita Allende Salazar Herri Eskolaren identitatean aurki daitekena ere. Eskolaren eta mendi irteeren arteko harremana ezagutzeko, 1992. urtera arte egin behar da salto. Izan ere, urte horretan, guraso talde bat antolatu eta eskolako pertsona desberdinak mendi ibilbideetan batzeko hautua egin zuten. Horrela, Allende Salazarreko Mendi Batzordea sortuz.

Txangoak diseinatu, behar diren kudeaketak egin, eta egunean bertan dena kontrolatzea. Horrela egiten zuten 92ko arduradunek, eta horrela funtzionatzen dute gaur egungo antolatzaileek ere. Domeketan egiten dira martxak, beti ere, ahalik eta familia gehien batzeko helburuz, eta mendiarekiko zaletasuna bizirik mantentzeko konpromisoari eutsiz.

Guraso Elkartetik sortutako taldea da, eta nola ez, boluntariotzatik jaiotakoa, eta bizirik mantendutakoa. Eguraldiaren arabera aukeratzen dira mendi ibilbideen datak, eta hilean behin martxa bat antolatzen saiatzen dira.

Atzetik dagoen lanari dagokionez, antolatzaileek ibilbide berdina egiten dute aste bi lehenago, eta bidea garbi egonez gero, martxaren ezaugarriak batzen dituzte Komoot aplikazioan. Horrela, familiek zehatz-mehatz ezagutu dezakete egingo den mendi ibilbidea.

Goizale taldearekin elkarlana

Gernika-Lumoko Goizale Mendi Taldearekin elkarlanean aritzen da Allende Salazarreko Mendi Batzordea. Besteak beste, urtean zehar mendi martxa bitan batzen dira talde batekoak eta bestekoak. Lehenengoa, abenduan izaten da, eta Iluntzarrera igotzen da tropela, bertan belena jartzera. Bigarrena, otsailean izaten da, eta Txitxiburduntzia ospatzen dute.

Ibilbideei dagokionez, antolatzaileak burubelarri aritzen dira ideia berrien bila. Gainera, urtean zehar egiten den ibilbideetako bat umeen karroekin egin daitekena izaten da, eskolako ikasle guztien parte hartzea bultzatuz.

Atzetik dagoen lana nabarmena bada ere, azkenengo txangoek izan duten oihartzunak ematen dio sentsua egindako lanari. Izan ere, 100 lagun inguru batu dira antolatutako ibilbide batzuetan.

Ikasturteko lehenengoa, ate-joka!

Datorren domekan, azaroaren 24ean, ospatuko da 24/25 ikasturteko lehenengo txangoa. 11 kilometro izango dituen ibilbide erraza antolatu da estreinatzeko, eta esteka honetan klik eginda aurkituko dituzue martxaren inguruan jakin beharreko guztiak.

Animatu zaitezte!