Orain dela 50 urte, amets gaizto batetik esnatzen geunden gure herrian. Iluntasunak argiari eta esperantzari eman zion erreleboa.
Eskubideak berreskuratzeko, Euskararen aldeko olatua altxatzeko eta belaunaldi berriak garai berrietan hezteko ahaleginak egin genituen orduko garaietan.
Urte asko pasatu dira, ehunka irakasle, guraso eta langileren lanari eta ilusioari esker, eskola hobea utzi diegu gaurko gure umetxoei. Eta mundu hobea ere bai. Edo hori pentsatu nahi dugu.
Jarrai dezagun eskola hobe bat eta gizarte hobe bat egiteko ahaleginetan. Irakasle zein guraso. Zuzendari zein langile. Gure umeek merezi dute.
Allende Salazar herri eskolak bere iraganetik eta bere historiatik haratago badu oraina, eta batez ere etorkizun oparoa. Beti egin diegulako aurre hezkuntzaren erronkei ilusioz. Beti berrizten eta hobetzen. Beti geure burua berrasmatzen.
Gernika-Lumo Memoriaren herria izanik, iraganean, gaur egun zein etorkizunean hezkuntza ardatz dugula, belaunaldi berriak baloreetan hezteko helburua dugu. Bidezkoagoa den gizarte baten alde lan eginez, elkartasunean eta bakean oinarritutako gizarte baten alde lan eginez, auzolanean.
Gernikako biztanleriarekin gure konpromisoa ukaezina da. Eskola publiko garen heinean, herriko aniztasuna aintzat hartu, elkarbizitza sustatu eta gure herriko baloreak lantzeko apustua egiten dugu.
Gure eskola denona eta denontzako delako.
Ikasle bakoitzaren ongizate emozionalean oinarrituz bakoitzaren prozesu esanguratsuena bideratzea da gure helburua. Horregatik dihardugu Amara berri metodologiarekin: ikaslea erdigunean jarri eta bere autonomia, talde-lana, beharrizan eta interesak zutabe dituen ereduarekin.
Komunitate zabala osatzen dugu eskola hobea egiteko lanean gabiltzanok. 750 ikasle, 70 irakasle eta hezitzaile, 400 familiatik gora, hainbat eta hainbat jantoki hezitzaile eta sukaldari, garbitzaile… eskerrik asko zueri ere!
Guraso Elkarteak gure ikastetxearen egunerokotasunean parte hartzen du gure eskola bera hobetu eta gure seme-alaben heziketa prozesua eta ongizatea bermatzeko.
Eskolako komunitatearekin elkarlana oso estua da, eta konplizitate horren ibilbidea oso oparoa. Hainbat dira azken urteetan eskola hobetzeko martxan jarritako proiektuak eta egitasmoak. Eta bide horretan jarraitzeko asmoa berresten dugu.
Gure eskolako komunitatea ez da bizi iraganari lotuta. Lehengo eta oraingo Gernikarrak, anitzak, kolore askotakoak, gure eskola proiektura batzen joan zaizkigu azken urteetan.
Gernika-Lumoko eskola publikoa gara. Bere aniztasuna jaso eta eremu publikotik, denontzako aukera berdintasuna sustatu nahi dugu. Gure kulturan, inklusioan eta kohesioan oinarritutako gizarte bat eraikitzea da gure helburua.
Udaberrian 50. urteurrena ospatuko dugu. Hainbat izango dira egingo ditugun ekintza eta jarduerak. Lehenengoa martxoaren 2an izango da. Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariekin bertso-bazkaria egingo dugu gure jantokian.
Baina hitzordu nagusia maiatzaren 18an Gernikako erdigunean antolatzen ari garen egun osoko jaialdia izango da. Otsailean jakinaraziko dugu herri guztiarekin gozatu nahi dugun jaialdi honen egitaraua.