50 urteurrena

Mende erdia herrian erreferente gisa

Allende Salazar Herri Eskolak 50 urte bete ditu herriaren ispilu izaten. Pasilekuko eraikinetan hasi zena egun herriko eskola handiena izateaz gain, aniztasunaren ispilu izan da urte hauetan guztietan. Ikasturtea mende erdia ospatzeko ekintzez beteta izan dugu, hain zuzen, ospakizun hau herritar guztiekin batera aurrera begiratzeko eta proiektua indartzeko erabili nahi izan dugu.

Amaitu berri den ikasturtea berezia izan da Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Eskola osatzen dugun kideontzat. Herriko eskola publikoak mende erdia bete du eta eskolako komunitateaz gain, herri osoa inplikatu nahi izan dugu. Hala, denen inplikazio eta ilusioarekin Allendek Gernika-Lumon daukan erreferentzialtasuna indartu eta eskola bat izatetik harago eremu publikoan zutabe garela erakutsi nahi izan dugu.

Bizitza eta gizartea aurrera doan heinean “eskola bizi bat” egunero aldatzen joan behar da herriak bizi dituen aldaketei eta beharrizanei erantzuteko. 50 urtez bizirik dirauen eskola honen ibilbidea, beraz, ezin da ulertu gizartearen historia eta eraldaketarekin ez bada.

Duela bost hamarkada Pasilekuan hasi zena gaur egun herriko eskola handiena bihurtu da, eta bertan biztanleriaren aniztasuna jaso, elkarbizitza landu eta herriko baloreak bideratzeko apustua egiten dugu. Etenik gabeko eraldaketan baten parte da gure eskola, eta publikoa den heinean gizartearen isla ere bada.

1974.urtetik Gernika-Lumoko eskola publiko bakarra da Allende, eta eskola komunitate handi batek osatzen du. Hain zuzen, 50 urte pasatu dira eta ez ginateke honaino iritsiko eskola komunitate langile bat ez balego. Honen baitan daude ikasle, irakasle, familia, hezitzaile, garbitzaile, sukaldari, begirale eta atezaina. Zehazki, 500 familiatik gora, 745 ikasle, 80 irakasle, atezaina, udaletxeko ordezkaria, 9 sukaldari, 31 jantokiko begirale eta elkarlanean aritzen garen beste hainbat kide gabiltza eskola komunitatearen bueltan.

Pasilekutik Allendera

XXI. mendearen bigarren erdian immigrazioak ekarritako populazio hazkuntzaren ondorioz, eskola berri baten beharrizana argia zen Gernika-Lumon. 1967an eraikin berri bat eraikitzeko plana onetsi eta orduko udaletxeak Mestikako lursail bat erosi zuen. 1969an hasi ziren lanak, baina geldialdi ezberdinen ondorioz, 1973ra arte ez ziren bukatu.

Hain zuzen, 1970ean Francoren diktadurapean Estatuko gobernuak “Plan de Urgencias para las provincias Vascongadas” onartu zuen, eta ondorioz, egitura berdineko hainbat ikastetxe jaio ziren eskualdean, horien artean, Allende Salazar ikastetxea.

1973. urteko apirilaren 3an eskolara sartu ziren ikasleek oroimenean geldituko zen irudi bat utzi zuten: aulkiak buruan hartuta sartu ziren makina bat ikasle herriak izango zuen eskola publiko berrira. Klaustroa bestalde, 70 irakaslek osatzen zuten, eta masifikazioaren arazoak konponduko zirela uste arren ikasleak 2.200 izatera iritsi ziren, 40-50 ikasleko geletan banaturik. Hain zuzen, Gernikan batzen ziren inguruko herri guztietako ikasleak.

Garai hartan, Pasilekuko Eskolak Allende Salazarreko harrobi izan arren, beste zuzendaritza baten menpe zeuden. Bi zuzendaritzek 1996-97 ikasturtean egin zuten bat, eta ordutik aurrera eskola bakar moduan ezagutua da. Era berean, eskolaren izena, Manuel Allendesalazar gernikar ingeniari eta politikariaren omenez jarri zioten, nahiz eta errakuntza baten ondorioz, azkenean “Allende Salazar” bezala geratu zen.

Hasierako garaietan, ikasketak gaztelania hutsean izaten ziren, eta neskak eta mutilak eraikuntza desberdinetan banatzen ziren, mutilak hegoaldeko aldean eta neskak iparraldekoan. Alizia Intxausti irakasleak eman zuen lehen eskola euskaraz 1978.urtean. Ez zen bide samurra izan hasieran, baina momentu hartan etxeko ama hizkuntzak eskolan ere tokia hartu zuen. Hala, hurrengo ikasturterako neska-mutilak, kalean eta etxeetan bezala, eskolako espazioak partekatzen hasi ziren.

Berritzaileak izateko grina beti izan da eskola honen ezaugarri. Horrela, 1990ean Pasealekuko Haur Hezkuntzako ikasleak lehenengo, eta Lehen Hezkuntzakoak urte batzuetara, Amara Berri Sistema metodologikoarekin lanean hasi ziren. Familia eta irakasleentzat izugarrizko aldaketa suposatu zuen. Ikaslea erdigunean jartzea ekarri zuen horrek, testu liburuak albo batera utzi, eta gizarte txiki bateko protagonistak bilakatuz. Ikasketa prozesua esperientziatik abiatzen da, hizkuntza, zientziak, historia, arteak eta matematikak talde lanean barneratzen dituzte.

1. MENDI ERDI BOROBILA

Bost hamarkadan lortutakoa balioan jartzeko urtea izan da aurtengoa herriko eskola publikoan. Udaberrian ailegatu zen 50. urteurrena eskolara, eta hainbat izan dira hori ospatzeko prestatu ditugun ekintza eta jarduerak. Hala, emozioak uneoro borborka egin du.

Lehenengo zita, martxoaren 2an eskolako jantokian antolatutako bertso afaria izan zen. Hala ere, hitzordu nagusia maiatzaren 18koa izan zen, Gernika-Lumoko erdigunean egun osoko jaialdia prestatu genuen mende erdiko bideari aitortza eta omenaldia egiteko. Allende Salazar herri eskolaren iragana, oraina eta etorkizuna osatzen duen komunitateak bazuen zer ospatu. Elkarlan apartaren ostean, adin denentzako ospakizun egitaraua atondu genuen kolektiboa bera erdigunera ekarri eta eskola “danona” dela aldarrikatuz.

Horrez gain, aurreko asteburuan motorrak berotu genituen eskolatik igarotako eta egungo irakasle, ikasle, langileek lagun artean. Ia 700 ikasle eta irakasle ohi bildu ziren afaritan. Eta, domekan, Porrotxek eta Marimototsek eskainitako ikuskizunean elkartu ziren eskola komunitateko kide gaztetxoagoak.

2. AMARA BERRI

1990. hamarkadan Amara Berri Sistemaren aldeko apustua egin genuen, eta ordutik Amara Berri Sarearen parte gara. Urte askotako saiakuntza eta sare lanari esker, hezkuntza-sistema eredu sendoa eta aurrerakoia garatzea eta hedatzea lortu dugu. Hala, ikertzea, saiakuntzak egitea eta berritzea dira Amara Berri Sistemaren ezaugarriak. Gure hezkuntza-ekintza ikasleari zuzenduta dago, baina ikuskera horrek esku-hartze horretan parte hartzen dugunok ere barne hartzen gaitu.

Sarean sartu ginenetik lan aktiboan dihardugu, eta ondorioz etengabeko sare formakuntzak berritzaile izaten jarraitzea eta hezkuntza-sistema eredu hau hedatzea ahalbidetu du. Amara Berri sistemaren helburuetako bat parekoen arteko elkarlaguntza sustatzen da. Halaber, ikasleen inguruan dugun kontzepzioak funtsezko hiru elementu ditu oinarrian: ikasle bakoitzarengana hurbiltzean izaki globaltzat hartzea, ikasleek dituzten interesetatik abiatzea, eta ikasle bakoitzak bere ezaugarri kontzeptualak eta emozionalak eta bere gaitasun indibiduala duela onartzea.

3. EUSKARA

Gure eskolaren sorrera eta euskaraz ikasteko aukera ia batera eman ziren. Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadan gure ikastetxean D eredurako apustua egin eta euskara ikaskuntza prozesuen oinarrizko hizkuntza bihurtzen joan zen. Ordutik aurrera euskararen presentzia eta balioa ikaste eremu formaletan indartzen joan da Allende Salazarren. Hala, euskararen ezagutza eta erabilera lortzea da helburua eta komunitatea osoaren konpromisoaz saiatzen gara horretan.

Allende, euskararen normalizazioan eredu eta eragile da eta eskolaren gaur eguneko erronka hiztunak eta eragite-eremuak irabazten laguntzea da. Horretarako Hezkuntza Sailak eskaintzen dituen errekurtsoak erabiliz, normalizazioan eragiten duten proiektu sendoak daramatzagu aurrera. Hala, eskola esparruan etorkizunera begira euskararekiko dugun erronka zaila bezain polita da. Gure hizkuntza, akademikotasunetik haratago, emozioetara jaistea da gure helburu nagusietako bat. Umeek euskaraz, jolastu, gozatu eta elkar sentitzera bideratu nahi ditugu, hizkuntza bat gozamenean erabiltzen denean errotzen baita.

4. JANTOKI ERREFERENTEA

2016. urteko irailean, jantokia kudeatzeko esperientzia pilotua jarri genuen martxan, eta zortzi ikasturte hauetan eskolako jantokia beste era batera kudeatu daitekeela erakutsi dugu. Eskualdeko baserritarrekin lehenbizi eta gerora elikaduran eta kudeaketan adituak ziren pertsonen laguntzarekin aurkeztu genuen proiektuak forma hartu, eta, egun, bertako ikasleek garaikoak, ekologikoak, bertakoak eta bidezkoak diren kalitatezko produktuak kontsumitzen dituzte egunero.

Aurrez zegoen catering eredua ez zela logikoa ez bidezkoa iritzita, aldatu eta hobetzeko beharra ikusi genuen. Hala, hiru helburu planteatu ditugu hasieratik: tokiko ekonomia sustatzea, ingurumena zaintzea eta osagai kimiko gutxiago dituzten eta modu naturalean ekoitzitako produktuak erabiltzea. Azken batean, gure seme-alabek produktu osasungarriagoak jan ditzaten. Azpimarratzekoa da irabazi asmorik ez izateak eta zuzeneko erosketa egiteak proiektuaren bideragarritasuna bermatzen dutela. Era berean, oso modu polita iruditzen zaigu familien ohiturak aldatzeko, eta gure ustez, haurrak hobeto jaten ari dira.

5. ESKOLA KOMUNITATEA

Azken ikasturte honetatik aurrera eskolak zuzendaritza talde berria du, eta lantaldeak argi du eskolaren funtzionamendurako eta berrikuntzarako eta hezkuntza erronka ezberdinei erantzuteko ezinbestekoa dela ikasleekin aurrez aurre egiten diren orduez harago, antolakuntza zehatz eta eraginkorra izatea. Hori horrela, hamaika dira ikasturtean zehar egunerokotasunean Allende Salazar Eskolan dauden ikasleen hezkuntza kalitatea hobetzen duten proiektuak.

Guraso Elkarteak bestalde, eskolaren egunerokotasunean parte hartzen du gure eskola bera hobetu eta seme alaben heziketa prozesua eta ongizatea bermatzeko. Eskolako komunitatearekin (zuzendaritza, irakasleak, hezitzaileak, sukaldariak…) elkarlana oso estua da. Hala, egitasmoak errealitate bihurtzeko gurasoen inplikazioa, partaidetza eta lan boluntarioa ezinbestekoa izan da, eta gaur egun ere eskola hobetzen jarraitzeko grina du. Hori horrela, lantaldeka antolatu eta proiektu ezberdinak aurrera ateratzen ditu Guraso Elkarteak.

ENTRESAKAK:

Allende Salazar eskola publikoak mende erdia bete du, eta eskolako komunitateaz gain, herri osoa inplikatu nahi izan dugu urteurreneko ospakizunetan.

Zuzendaritza talde berriak argi du funtzionamendurako, berrikuntzarako eta erronkei erantzuteko ezinbestekoa dela antolakuntza zehatz eta eraginkorra izatea

Eskolako jantokia beste era batera kudeatu daitekeela erakutsi dugu. Horretarako, tokiko ekonomia sustatu, ingurumena zaindu eta produktu naturalak erabiltzen ditugu.

1973ko apirilaren 3ak oroimenean geldituko zen irudi bat utzi zuen: aulkiak buruan hartuta sartu ziren ikasleak herriak izango zuen eskola publiko berrira.