Albisteak

Palestinar umeei indarrak bidaltzeko aukera paregabea

Gure haurrak ere badira elkartearen azken proiektuari esker, Allende Salazarreko umeek palestinar gazteei mezu bat bidaltzeko aukera dute.

 

Gure haurretako asko jolasten, zirikatzen eta barreka ari diren bitartean, Palestinan bizi diren euren adineko umeen kexka bakarra da bizirik jarraitzea. Eta, inondik inora ere,  ez da gure haurren errua. Baina badute palestinar umeei laguntzeko aukera, eta guk euren aletxoa jartzera gonbidatzen ditugu.

Palestinako triskantza palestinarrengan uzten dabilen ondorioekin larrituta, “genozidioa geldiarazteko” Euskal Herriko guraso eta irakasleen eskutik sortu zuten pasa den ikasturtean ‘Gure haurrak ere badira‘ egitasmoa. 

Guraso talde horrek hainbat proiektu jarri ditu martxan, eta jaiotako azkena aurkeztera gatorkizue. Urtarrilaren 31a bitartean, Palestinako haurrei elkartasuna erakusten dioten mezuak batzen dabiltza Euskal Herriko ikastetxeetan. Zehaztu dutenez, formatu librean bidali daitezke mezuak, eta irudimenari askatasuna eskaintzera animatzen dituzte umeak. Horrela, eskutitzak, irudiak edota bertsoak bidaltzeko aukera zabaldu dute. Gerora, urtarrilaren amaieran jasotako mezu guztiak palestinar umeei helaraziko zaizkie Mundubat fundazioaren laguntzaz.

Horrela, atxikitutako kartelean ikusi dezakezuen bezala, gurehaurrak@gmail.com helbide elektroniko bidez, edota X sarean @gurehaurrak kontuarekin partekatuz bidali daitezke mezuak. Beti ere, urtarrilaren 31a baino lehen.