Iñaki Xabier Olano Revuelta (1970 Gernika). Dantzaria, kantaria, marijesia, zine klubeko bazkide, aita eta eskolako zaindaria. 24 urte daramatza gure txikien lagun izaten, eskoletako bizikidetza jorratzen. Gaurkoan gurera ekarri dugu. Aurrera!
Aupa Iñaki edo Xabier?
Iñaki Xabier da nire izen osoa baina Iñaki moduan ezagutzen naute gehienak.
Herrian diren mila eta bat ekintzetan agertzen da Olano abizena. Nondik dator Olanotarren kulturarekiko grina?
Bada, logikoa denez, gure aita Ignacio eta ama Milarengandik dator grina hori. Txiki txikitatik musika ikastera bultzatu gintuzten, nik uko egiten banion ere. Lau neba arrebak Uso Zuria dantza taldean aritzen ginen. Talde hau, dantza taldeaz aparte, hirurogeita hamargarren hamarkadan Gernika-Lumon kultur eragile garrantzitsua izan zen.
Kultur ekintzekin konpromiso leiala duen aita izateaz arro sentituko dira etxean ez?
Suposatzen dut baietz. Haiek ni ikusteaz harro egon ahal daitezke. Baina, zerbaitetan nabilen horietan, haiek han ikusteaz, ni askoz ere harroago! Emozio puntua ere sorrarazten dit.
Gernikako herriak kultur agenda aberatsa duela esan dezakegu?
Egia esanda, bai. Kultur Etxeak, Rikar Abaunza buru izan duelarik (orain Kristina Arana dabil horretan), lan mardula egin du laurogeigarren hamarkadatik. Sasoi horretan sortutako kultur mugimendua, Hots, ALDABA, Zine Klub Gernika, ADES, ANDRA MARI Korala, Gernika Irratia (Onda Vasca gaur egun) eta abar, oraindik martxan daude. Bakarrik Kultur Txou desagertu da. Eta urte askoko errebindikazioa ere lortu da. Ez bakarrik Lizeo Antzokia, baizik eta bigarren sala bat ere, Elai Alai aretoa. Gerorantz, musika mugimendua irauli zuten ikastetxe bi jarri ziren martxa: Segundo Olaeta musika Ikastegia eta Juli Foruria kontserbatorioa. Honi guztiari, azken hamarkadetan sortu diren autogestioko mugimenduek sortzen duten programazioak gehitu behar zaie: TRINKETE ANTITXOKOA, ASTRA, IPARRAGIRRE ROCK ELKARTEA. Asanbladek funtzionatzen dute baina partizipazioa behar da. Hemendik etorkizuneko gazteak animatzen ditut mugimendu horretan parte hartzera.
Kirolari buruzko informazioaz gainezka gauden den gizarte honetan, nola suztatu daiteke semeengan kultur ekintzetarako amodioa?
Parte hartzen eta adibidea ematen. Ni ez nahiz nor beste edonor horretara behartzera. Halere, argi daukat parte hartzen dudan guztia erakutsi nahi diedala, gero haiek bere bidea libreki aukeratu ahal izateko. Animatzea eta sustatzea da nire lana.
Kulturaz aparte eskolako atezaina zara. Zeintzuk dira atezain baten egitekoak egunean zehar?
Eskola zabaldu eta zarratu dira lehenengo eta azkenengo lanak. Horretaz aparte, ikusten nauzue, ahal ditudan mantenu lan guztiak egiten, garbiketak eta gremioak kontrolatzen eta dena ondo egoten saiatzen. Nahi eta ez, eskolan bertan bizitzeak ere baditu bere eginkizunak. Sarri eskolaz kanpoko ordutegietan ere, asteburuak zein gabetan zereginak sortzen direlako.
Eskolako instalazioen mantenu zein berrikuntzarako, nahi eta nahi ezkoak dira udalaren diru laguntzak. Zer esango edo eskatuko zenioke hurrengo legealdian aurkeztuko diren hautagaiei?
Normalean, kudeatzaileek urte oso bateko diruak izaten dute eskolako partida gestionatzeko. Horrek labur begiratzera eraman ohi du. Nik proposatuko nieke, epe ertain edota urruneko etorkizunari begiratzea. Eusko Jaurlaritzarekin bitartekari lanak egitea, zaharkitzen eta txiki geratu zaigun eskola hau berriztatzeko, handitzeko eta modernitatera egokitzeko. Alboko herrietan adibide galantak dituzte: Bermeo, Mungia, Zornotza…
Azken galdera bat zuretzako dugun sorpresaren aurretik. Zerbait esan nahiko zenieke eskolako umeei?
Argi izan dezatela eskola denena dela. Eskola ordutegian zein gero, gurasoekin geratzen direnean, eskola disfrutatzeko dela. Baina beti ere zainduz! Nire haurtzaroarekin ez dut konparatuko, baina azken hogei urte hauetan, bai sumatzen dut aldaketa nabarmen bat umeengan. Ez naiz nekatzen esaten gurea dela, denona, eta denoi dagokigula gure eskola zaintzea eta garbi mantentzea. Gustura egon behar dugu berton.
Bukatzeko, eta kultur ildora bueltatuz, sorpresa. Hemendio deitzen den musika taldea bueltan dagoela entzun dugu. Zer da Hemendio eta nolatan zaudete bueltan?
HEMENDIO 1985. urtean sortu nuen beste lauzpabost lagunekin. Nik ez nekien instrumenturik jotzen baina abeslaria banintzen HODEIERTZ koralean. Argi zegoen jokaldia, musikariak eta musika instrumentuak zutenak batu behar ginen. Pentsatu eta egin. Horrela, hauek batu ziren: Josu eta Jon Artetxe, bateria eta teklatuetan (lokala ere jarri zuten guretzat); Miguel Angel Rodriguez gitarran; Bertoko aita den Iñaki Ostiz baxua zeukalako, ez jotzen zekielako; baita Ager Urigen beste gitarra bat ere zeukalako. Teknikari bat ere sartu genuen honetan, Mikel Fernandez Krutxaga, gaur egun profesional ikaragarria dena. Bere lanen artean pelikula askoren banda soinu – bandak daude: Nomadak Tx, Handia edo oraintxe bertan estreinatu berri den Los Lunnisen pelikula. Gerorantz Etore Akordagoitia gehitu zen, gaur egun Luhartz taldean ikusi dezakezuena. Ederra fitxaketa. Eta azkenik, Bermeora joan ginenean, hango musikari batzuk gehitu genituen: Inas Ruiz, Joseba Verdes edota Igor Markaida.
1992. urtean taldea desagertu zen, panorama musikaleko hainbat taldeekin festibaletan parte hartu ondoren: HERTZAINAK, DELIRIUM, MCD, IRULA, BALDIN BADA, JOTAKIE, ZURRAPAK, ETSAIAK, EXKIXU, eta abar luze bat.
Urte guzti hauetan gure adiskidetasuna ez da galdu. Blog musika bati bidalitako informazio batek balio izan zigun kontaktuan berriz jartzeko. Bakoitzak dituen lan, familiak eta beste proiektu musikalen betebeharrak ez digute taldea era finko baten mantentzeko tarterik uzten. Baina bagoaz bidea berriz ere egiten. Lehen pausoa, revival bat egitea izan zen. Horrela, iazko LEKUEK FESTIBALean, Balerdi Balerdirekin batera jo genuen Lizeo Antzokian. Esperientzia zoragarria 26 urte ondoren. Pertsonalki neure ama, familia eta lagunen aurrean berriz jartzea hunkigarria izan zen. Bigarren lorpena, abenduan burutu dugu. The Beatles taldearen ABBEY ROAD estudiora grabatzera joan ginen. Zortzi abesti grabatu dira. Han bizitakoa, benetan grabatuta geratuko da gure burmuinetan. Ilusioz gainezka gaude eta hirugarren urratsa emateko prest. Posible bada, disko bat merkaturatzea da asmoa.
Jarraipena izango duelakoan nago, batzen garenean ederto baten pasatzen dugu eta. Bizitzan, edozein proiektu aurrera eramateko, disfrutatzea ezinbesteko da.
Milesker Iñaki!
Ez dago zergatik. Ohorea da zuekin bizipen hauek partekatzea.