Albisteak

Olate Arrate eta Mariasun Barrenetxea, jantokiko arduradunak

Olate Arrate eta Mariasun Barrenetxea. Jantokiko arduradunak. Barnetik bizi dute eskolak zabaldu duen bide iraultzaile hau. Proiektu eder honen aktore garrantzitsuak izaten jarraitu nahi dutela argi utzi digute. Gaurkoan, jantokiaren gora beherez, umeen jarreraz eta kudeaketaz arituko gara. Aurrera ba!

Egun on Olate, askok ez lituzkete nahi proiektu iraultzaile eta berri honek sortzen dituen buru hausteak. Zure kasuan ordea, arduraz bai baina ilusio betez lan egiten duen pertsona ikusten da. Nola azaldu daiteke hori?
Urte asko eman ditut EHNE-n lanean teknikari, hots baserritarren sindikatuan, eta orduan hasi ginen ideia hau lantzen. 2003. urtean zehazki, Lea-Artibaiko eskola-jantoki guztiak aztertu genituen eta ondorioz sindikatuekin, alderdi politikoekin eta erakunde sozialekin hasi ginen lantzen aldarrikapen hau.

Lehenengoz Markina-Xemeingo Bekobenta eskolan hasi nuen proiektu pilotua, hemen dagoen ume kopuru erdiarekin, eta egia esan oso lagungarri egin zitzaidan gero salto egiteko Allende Salazar eskolara. Hemen dagoen ume kopuru handiarekin be posible bada, edozein eskolatan ahal da. Egi bihurtu da asmo bat, denbora luzez landu dudana eta horrek itzelezko satisfazioa ematen du.

Jantokiko arduradunak egunean dituen bete beharrak zeintzuk dira?
Oinarrizko menuak (630) eta menu bereziak (55) landu, hauek guztiak gauzatzeko erosketak bideratu, egunero sukaldariekin batera eguneko eta hurrengo eguneko menuen beharrak errepasatu, hornitzaileek ekartzen dituzten jakiak identifikatu eta adostasuna eman, albaranak eta fakturak prestatu ordainketa egin ahal izateko, jakien inguruko estatistikak prestatu (jaki ekologikoen ehunekoa, bertokoaren ehunekoa) sukaldarien beharrei jaramon, monitoreei eguneko menuaren informazioa eman.

Azken finean lana bada era, jantokiko sukaldari zein monitoreak proiektu honekin identifikatuta lan egiten dutela uste dugu. Horrela da?
Ezinbestekoa da denek bat egitea proiektuarekin, gauza askotan lan egiteko moduaren aldaketa suposatu baitu.

Sukaldarien kasuan adibidez orain lehen baino askoz barazki gehiago garbitu eta zatitu behar da, askotan patatak txikiagoak dira, porruak finagoak, letxugak zomorro gehiago ditu, …. edota jakiek labe denbora gehiago behar dute. Lan karga gehiago suposatu ez dezan aldaketa batzuk gauzatu dira: barazkiak zatitzeko tresna erosi da, jakien prestaketa gehienak labean egiten dira zartaginean egin beharrean, lortu dugun menuen planifikazioak ez ditu sukaldariak lanez itotzen, … ondorioz astia dute euren lana ondo betetzeko.

Monitoreen kasuan, adibidez orain arrain freskoak hezurra dauzka eta kontu gehiagorekin ibili behar da edota fruta azalarekin jateko gomendatzen dugu nahiz eta zaila egiten zaien umeei fruta ez zuritzea. Kasu honetan be, planifikazioari zein tresneri berriari ezker (fruta zatitzeko, plateren ordez bandeja) lortzen ari gara umeek denbora gehiago izatea bazkaltzeko eta monitoreen lana erraztea.

Eta gauza guztien gainetik, denek, sukaldarik zein monitoreak, argi dute kalitateak izugarri hobera egin duela, euren lanak eredu honetan are eta garrantzi gehiago hartzen duela eta eurek direla be eskola-jantokiaren ereduaren aldaketaren protagonistak.

Zein da hornitzaile eta nekazarien iritzia Allende Salazar eskolako jantokiari buruz?
Hornitzaileak pozarren daude. Batzuentzat euren lanpostua finkatzeko haineko diru-sarrera dela diote eta beste batzuk ordea berriak sortzeko balio izan duela.

Mariasun, urte honetan, bizikidetza lantzen zabiltzate jantokian. Zeintzuk dira helburu nagusiak? Zer ikasi behar dute gure umeek?
Gure umeek beraien kideak eta monitoreak errespetatzen ikasi behar dute. Jantoki hau zinez handia da, eta anitzak zein ugariak dira denbora tarte honetan ematen diren arazoak.
Bestetik, zarata gutxiago egiten ikasi beharko lukete eta lasaiago egoten, jaten autonomia gehiago lortu beharko lukete, jaki ezberdinak jaten ikasi beharko lukete, … baina guzti honek etxetik hasi behar du.

Guraso Elkartearen asmo berri bat, jantokiko eredua plazaratzea, eskolatik kanpo ezagutzera ematea da. Zer deritzozue horretaz jantokiko arduradunak izanda?
Eredu hau gure lurralde osora hedatu beharra dago, eskubide bat delako umeek bertoko jaki osasuntsuak eta nutritiboak jatea eskolan.

Hiru urte eta gero zein da zuen uztez proiektuaren egoera? Eta zeintzuk dira indartu behar diren gaiak?
Proiektua ondo doa baina egia da eragiketa asko egin behar direla ekonomikoki bideragarria izan dadin. Indartu beharrekoa: Bertoko barazki eta fruta ekoizpen ekologikoa handitzea behar-beharrezkoa da. Eta honekin batera baserritar gehiagoren dedikazioa lortuko genuke, lehen sektore hau indartuz.

Milesker Olate eta Mariasun. Gogor ekin! Gora zuek!