Albisteak

Marian, irakasle, ikasketa buru eta zuzendari

Maria Angeles Araucua Zabala (1959 Belendiz – Arratzu). Azken 17 urteetan Allende Salazar eskolako irakasle, ikasketa buru eta zuzendari izan dugun Marianek ondo merezitako atsedena hartuko du datorren irailetik aurrera. Izan ere, jubilatu egiten zaigu. Hemen gure omenalditxoa!


39 urte luze joan dira irakaskuntzan hasi zinela. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Nire lanbidea ez zen izan bokaziozkoa. Sasoi horretan mundua ikusi nahi nuen eta horretarako bi aukera ikusten nituen: kazetaria edo misiolari laikoa izatea. Nire aitabitxi Manuel Leguineche izan denez bere kazetari bizimodua zoragarria izango zela iruditzen zitzaidan. Beste aldetik inguruan lagun ugari nituen irakasle – ikasketak egiten ari zirenak eta errazago ikusten nuen bide hau. Beraz irakasle ikasten amaitu nuen.

Horrelako aitabitxi izanda zeintzuk dira zuretzako etorkizuneko erronkak?
Lehen galderan adierazi dut mundua ezagutu nahi nuela; hori da nire erronka etorkizunean bidaiak egitea eta herrialdeak bisitatu eta ezagutu. Nire iritziz, tokien biztanleriarekin eta ohiturekin hazkunde pertsonala garatzen duzu eta nire seme-alabei ideia hori helarazi diet.

Irakasle, zuzendari, ama. Nola eramaten da hori etxe barruan seme alabekin?
Nik laguntasun handia izan dut etxean, familia izan da nire euskarri sendoena. Beraiek badakite ikastetxea nire bigarren etxea dela eta lana aurrera eramateko ezinbestekoa dela beraien babesa eta ulergarritasuna.

Eskolan emandako denboran hainbat istorio izango dituzu, zer geratzen da grabatuta zure memorian?
Ikasleen batek kaletik noala barrezka eta aurpegira begiratuz agur egiten didanean. Hori da pozgarria.

Amara Berri proiektuarekin batera jorratu duzu zure ibilbidea. Zein izan da zure esperientzia?
Amara Berri Sistemak asko erakutsi dit, bere oinarri eta ezaugarri metodologikoak nire eguneroko lanean inplementatzen saiatu naiz eta horri esker nire izaeran eta jokaeran aldaketak eman dira. Amara Berri sarean aurkitu ditudan pertsonak (aholkulariak, kideak eta abar) ikastetxeko ibilbidea jorratzeko eragin izugarria izan dute. Beraz, eskerrak eman behar dizkiot inguruan izan ditudan Amara Berriko familiari beti babesa eta laguntza eman didatelako.

Amara Berri hezkuntza eredu hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara eraman behar dela deritzozu?
Nire ustez ondo legoke Sistemaren ezaugarri eta printzipioetan oinarritzen den metodologia jartzea. Amara Berrin lantzen diren baloreak, lankidetzak, trebetasunak, abileziak eta abar irakaskuntzan derrigorrezkoak dira. Ikastetxeak gizarteak dira bere baitan eta gizarteko erronkei bideratuta lan egin behar da, ez baikara irla bat eta ezin da isolatuta bizi. Ikastetxeak aldatzen joatea komenigarri da, hausnarketak egin ondoren eta beharrizanei erantzunez. Pertsonek eginez ikasten dute, beraz irakaskuntza praktikoa, esanguratsua, maneiatzeko gaitasuna lantzea beharrezkoa da.

Eskola Publikoari buruz. Zelan ikusten duzu Eskola Publikoen etorkizuna? Indartsu dator? Administrazioari zer eskatuko zenioke?
Kalitatezko eskola publikoa daukagu Euskal Erkidegoan baina ez dakit baloratzen dugun behar den bezala. Ikastetxeak osatzen dituzten profesionalek argi daukate beraien lana eta eguneroko lana hobetzen ahalegintzen dira hausnarketak eta formazioak eginez. Profesional hauek errespetua bakarrik eskatzen dute euren lanarekiko beste barik.
Momentu honetan botere daukaten partiduak eta sindikatuak ez dakit prest dauden Euskal Eskola Publikoaren alde egiteko, beraz indartsu sentitzeko beraien babesa izan beharko genuke eta nire ustez hori ez daukagu.

Administraziori gauza ugari eskatu dizkiot zuzendaritzan egon naizen denboran: eskola handitzea, berristea, baliabide pertsonalak jartzea… Ikastetxe bakoitzak bere beharrizan konkretuak dauzka eta denei baliabide berdinak ezin zaizkie eman ezta eskakizun berdinak egin. Beraz, Ikastetxeetako zuzendaritzak proiektua aurkeztu izanez gero behar dauzkan baliabideek eskaini beharko zitzaizkion.

Allende Salazar ikastetxe ahaltsua izan da betidanik, proiektu ugaritan aitzindaria eta eskola komunitate osoaren lankidetzari esker pausoak sendoz eman dituena: irakasleak, gurasoak, hezitzaileak, sukaldariak eta noski IKASLEAK. Administrazioa ezin da ahaztu ibilbide honekin eta ikastetxeak dauzkan proiektuetan lagundu eta baliabide ekonomikoak eta pertsonalak jarri beharko ditu.

Eskola komunitatea. Guraso Elkartearekin izan duzun jarrera eta sintonia onari esker etorri dira besteak – beste jantokia, baratza edo Guraso Eskola bezalako proiektuak. Zeintzuk dira zure ustez Guraso Elkarteak eta eskolak eskutik bultzatu beharreko hurrengo proiektuak?
Besteak beste ikastetxearen instalazioen berrikuntza Udala eta Departamentuarekin batera. Ikastetxean egiten gauden proiektuek eta metodologiak espazioen aldaketak eskatu ditu eta udalaren laguntzarekin barrualdetik berrikuntza hauek egiten joan gara. Ikasleen hazkundeak eta beharrizanak espazio falta ekarri digute eta momentu honetan premiazkoa dira espazio berriak.

Ikasleen eguneroko dinamikan eta lanean; elkarbizitza, metodologia, proiektuak eta abar; espazioak eta materialek izugarrizko garrantzia daukate eta ikasleei eskaini behar zaie leku egokia beraien irakaskuntza esanguratsua aurrera eramateko. Beraz eskola jasangarri eta atsegina diseinatu beharko dugu eta horretarako agente desberdinak parte hartu beharko dute: arkitekto, pedagogo, irakasle ….

Beste alde batetik ikasleen garapenari erantzuteko erakunde desberdinekin harremanak dauzkagu. Oraindik zehaztu gabe daudenez itxarongo dugu aipatzeko.

Eskola komunitatea benetan komunitate bat izateko zer uste duzu landu behar dela? Gurasoek eskola hurbilago sentiarazi beharra edota irakasleen lana baloratzen dutela uste duzu?
Komunitatea osatzen dugun kideek : ikasle, guraso, irakasle, hezitzaile, sukaldari, udala; ikastetxea GUREA bezala sentitu behar lukete; toki eta partaide izatea “pertenencia” dakarrena zera da: zainketa, ardura, esfortzu, grina eta abar; ondorioz onura izugarria erakunderako. Hau lortzeko gehiengoaren inplikazioa bultzatu behar da eta partaideen interesak azaleratu eta bideratu. Partaideek ikastetxearen helburu, prozedura, balore eta abar argi eduki beharko lituzkete, denek antzerako eran jorratzeko eta eskakizunak bideratzeko.

Ikastetxeko ateak irekita daude guraso eta beste erakundeei beraien proposamenak egiteko edota zalantzak galdetzeko. Elkartrukatzearen bidez aurrerakuntzak egiten dira, beti argi edukiz bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak. Irakasleen helburua da, ikasleen garapena esparru ezberdinetan: nortasun, harreman, eduki, abilezi, eta abar. Beraz alde bietatik; guraso, irakasle eta erakundeen artean zintzotasuna derrigorrezkoa da.

Bukatzeko. Zer esan nahiko zenioke zure lagun, lankideei? Eta ikasleei? Eta gurasoei?
Mila esker, zuei esker gogoko nituen proiektu ugari aurrera eramateko aukera izan dut. Langileri kementsu, arduratsu eta ahaltsuak zarete eta ziur nago beti bezala ikasleen hobekuntzarako bide horretatik jarraituko duzuela.
Gurasoek eskolak zuon inplikazioa, kolaborazioa eta konpromisoa behar du aurrera jarraitzeko era egokian eta zuon seme-alaben onurarako. Ikasleek ERRESPETUA.

GORA Euskal Eskola Publikoa eta AUPA ALLENDE SALAZAR ikastetxea.

Milesker! Guraso Elkartean izan diren eta garenon aldetik Bi mila esker! Bidai ona izan.