Albisteak

Amets Elgezabal baserritarrari elkarrizketa

Amets Elgezabal Uribe (1984 Gernika). Emakumea, gaztea, nekazaria, ausarta. Bizilagun asko landa eremutik kanpo bizitzera doazen garai horretan, Ametsek arbasoen lurrak lantzeari ekin zion. 2013. urtea geroztik ortuari ezberdinez osaturiko baratza da bere eguneroko lagun, burukomin eta ilusioa. Eta berari esker gure semeek Ariatzako piper, tomate, letxuga eta abar jaten dituzte.


Egunon Amets. Guraso bezala amets ederra da gure semeek sasoiko, bertoko, kalitatezko elikagaiak jatea. Zuretzat ere Allendeko jantokiaren parte izatea zorioneko gauza da?

Bai duda barik, zelan ez! Apustu handia da eta pozik nago. Guk ekoizten duguna ahalik eta hurbilen kontsumitzea da gure helburua.

Nekazaritza ez da soilik baratza zaintzea. Eskola Jantoki kudeaketa eredu honek baserriak, landa eremua sendotzeko ere balio du?
Hori da, Busturialdeko nekazaritza indartzea espero dut. Azken aldi luze baten, lehen sektorea gero eta txikiagoa dela ikusita, horrelako proiektuak apustu eta aukera handi bat dira.

Zenbat nekazarik osatzen duzue ortuariez arduratzen zareten taldea?
Zazpi nekazari gazte gara taldean, baina momentu honetan bost lagunen artean gabiz batez ere.

Gutxi gora behera, zein da irailetik ekainera bitartean egiten duzuen produktu zikloa?
Irailean lekak, kalabazin sagar, kipula, zerba, azenarioa eta kalabazinarekin hasten gara. Horren ostean, aza,brokolia, azalorea, letxuga ditugu. Martxotik aurrera, udaberriak lagunduta, sasoien sasoikoa jartzen arituko gara.

Jangurie, zer da? Zeintzuk dira elkartearen helburu nagusiak?
Jangurie Urdaibaiko eskola denak baturik sortu den mugimendua da. Helburua, jantokietan ahalik eta produktu lokalena, osasuntsuena eta ekologikoena ematea da. Indarrak batuz dena lortu daiteke.

Eskolan baratz txikiren bat badago. Nola ikusten duzu umeak horretan jolasten heztea? Zure ustiategira antolatu daitezke bisitak?
Ba oso ondo. Umeek jaten dutena nondik datorren jakin egin behar dute: zelan zaintzen da, noiz ereiten edo landatzen da. Jate derrigorrezko gauza bat da. Egunero 3-4 aldiz erabakitzen dugu eta ez diogu eman beharreko garrantzia ematen. Nire ustiategira etortzerik dagoen? Nola ez! Garai hau, ez da hoberena, neguko produktua bukatzear dagoelako eta erakusteko ezer asko ez dudalako.Baina maiatzetik urtarrila bitartean ustiategiak kolore ederra du!

Eskolako jantokiaren hornitzaile izateak, beste batzuentzako produktuak eskaintzeko tartea uzten dizu? Non aurkitu edo lortu ditzakegu zure produktuak?
Ni soloko proiektuarekin 5 urte dela hasi nintzen. Etxeentzako otzarak banatu ditu hasieratik. Gero eskolako jantokiko lehenengo batzarretara joan nintzen. Baina soilik informatzen. Izan ere, nire ustiategia txikia denez otzarez aparte ez nuelako gehiagorako ematen. Hemen sartzea derrepenteko kontua izan da. Ez nuen espero. Baina hemen nago eta pozik! Eskola hornitzeko planifikazio on bat derrigorrezkoa da. Eta horretan ere egunero ikasten gabiltza. Erronka mardula da hau baina ilusioz gainezka gaude. Aurtengo martxan bagoaz eta datorren ikasturterako ikusiko da!