Matrikulazio epea hurbiltzen dagoen garaiotan, ate irekien jardunaldiak ospatuko dira urtarrilaren 24ean eta 28an Allende Salazarren. Ostiral honetan (urtarrilak 24), 11:00etan jarri da hitzordua, eta 28an 17:00etan egongo da eskola ezagutzeko aukera. 658 755 981 telefono zenbakian eman beharko da izena, deituz edo WhatsApp-a bidaliz.
Gernika-Lumoren isla ezin hobea da Allende Salazar Herri Eskola. Herriko eskola publiko bakarra garen heinean, biztanleria horren aniztasuna jaso, elkarbizitza landu eta gure herriko baloreak bideratzeko apustua egiten dugu egunero-egunero. Ikaslea erdigunean jarrita, elkartasunean oinarritutako hezkuntza-eredua sustatzen dugu, beti ere auzolana ardatz izanda.
Gernika-Lumoko eskola publikoa izanda, herritarrei zerbitzu paregabea eskaintzean jartzen ditugu gure indar guztiak. Horretarako, baina, ezinbestekoa da Allende Salazarreko eskola komunitate erraldoia. Familia horren baita daude: 300 familiatik gora, 745 ikasle, 80 irakasle inguru, atezaina, udaletxeko ordezkaria, 9 sukaldari, 29 jantokiko begirale eta gurekin elkarlanean aritzen diren beste hamaikatxo agente. Ikastetxeko komunitatea osatzen dugun guztiok ilusioz egiten diogu aurre haurrak hezteko erronka erakargarriari.
Hezkuntza ereduari dagokionez, Amara Berri sistema eraikitzailean sinisten dugu Allende Salazarren. Metodo bat baino gehiago da Amara Berri; lanerako sistema bat da. Diziplina arteko sistema bat, kontzeptuala, antolakuntza eta plangintzakoa, hausnarketa, analisi eta erabakiak hartzeko sistema bat.
Ikertzea, saiakuntzak egitea eta etengabe berritzea bilatzen ditu Amara Berrik. Gaitasunetan oinarritutako marko teorikoaren baitan egiten dute lan ikasleek, eta ikasgeletako jardueretan zehazten dira horiek. Hezkuntza komunitatea osatzen duten talde edo elementu guztietara moldatzen gara, eta horietako bakoitzak aldaketak eragin ditzake metodologian. Izan ere, eskola komunitateak berehalako garrantzia dauka gure ikastetxean.
Jantoki eredua.
Tokiko ekonomia bultzatzea, ingurugiroarekiko errespetuan oinarritzea eta elikadura osasuntsua eskaintzea. Besteak beste, balio eta helburu horien baitan ardazten da Allende Salazarreko Jantoki Eredua. Izan ere, 2014an hasi genuen gaur egun eskaintzen dugu goi-mailako eredu honetara eraman gaituen bidea.
Jantokira heltzen diren produktuen %44 ekologikoak dira, %25 baserriko labeldunak, %22 naturalak (arrain freskoak, lekari naturalak…), eta %9 soilik konbentzionalak.
Kalitatezkoak eta freskoak diren produktuak eskaintzeari berebiziko garrantzia ematen diogun arren, gure kezka nagusienetako bat inguruko produktuak eskaintzean datza. Horregatik, umeek bazkaltzen dituzten jakien %45a Busturialdetik ekarritakoak dira, alegia, 15 kilometroko itzulinguruan ekoizturakoak dira. Bizkaitik ekartzen dira produktuak %28, Gipuzkoa eta Arabatik %7, Nafarroatik % 5, eta Espainiar Estatutik gainontzeko %15.
Eskolaz Kanpoko Jarduerak.
Guraso Elkarteak Allende Salazarren daukan presentziaren adibide garbia dira beraiek antolatzen dituzten Eskolaz Kanpoko Jarduerak. Ikasleen berharizan eta zaletasunetara moldatuta, 17 aukera eskaintzen dituzte: Multikirolak, sukaldaritza, judo, futbola, pintura, saskibaloia, argazkilaritza, yoga, antzerkia, robotika, robotika aurreratua, moda birziklatua, musika erritmoa, eskalada, dantza jazz funky, dantza txiki eta xakea.