Albisteak

Ume sahararrei babesa eskaintzeko aukera

8 eta 9 urte bitarteko ume sahararrak hartzera bultzatzen du Oporrak Bakean egitasmoak. Artikulu honetan ezagutuko dituzue ume horien bizi baldintzak.

 

Zorte handiko herria gara. Askotan kexatzen gara arazo asko ditugula. Eta egia izango da. Arazoak ditugu. Baina nolako arazoak dira horiek? Dena bezala, norekin alderatzen garen arabera baloratu behar dira arazoak.

Baina bai. Zortedunak gara. Edo hori uste dute Saharatik Euskal Herrira uda pasatzera etortzen diren ehundaka umeak. Euren herrian ere zoriontsuak diren arren, mundu utopikoa da hau eurentzat.

Aukera hori eskaini nahi die Oporrak Bakean proiektu kideek ume sahararrei. Oporrak Bakean programak 8 eta 9 urte bitarteko haur sahararrak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du

Programatik azaldu dutenez, “egonaldi horietan zehar umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzen dira (gerizpean 50° arte heltzen diren tenperaturak), hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzen dute, azterketa medikuak egiten dituzte eta euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzen dute”

Saharan bizi dituzten baldintzak ere zehaztu dituzte: “Herri Sahararrak 45 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz”

Animatzaren al zara?

Harrera programatik ume horiek hartzera gonbidatzen gaituzte. Ahal duenak eta nahi duenak, noski! Horregatik, interesatuta egonez gero, honako bideak jarri dituzte eskuragarri: 658 75 13 59 telefono zenbakia, eta oporrakbakean.eus webgunea.