Albisteak

Txitxiburduntzian berreskuratuko dituzte txangoan utzitako indarrak

Txitxiburduntzi Eguna ospatuko dute otsailaren 16an Allende Salazarreko eta Goizaleko Mendi Taldeek. Otsailaren 10a baino lehen eman beharko da izena.

 

 

Euskal Herrian, tradizioen garaia da otsaila hasiera. Kandelerio, Santa Ageda edota San Blas pasata, Txitxiburduntzian batzen dira euskalherritarrak, eta Allende Salazarreko Mendi Taldeak egun hori ospatuko du, Goizale Mendi Taldearekin batera.

Gernika-Lumoko eta eskola publikoko mendi taldeen arteko harremanak inoiz baino biziago daude, eta otsaileko txango hau horren beste adibide bat baino ez da. Oraingo honetan, otsailaren 16an (domekan) jarri dute hitzordua, eta 7-8 kilometro inguruko ibilbide bat egin ostean, txorizo janarekin berreskuratuko dituzte indarrak gure mendizaleek.

Oraingo honetan, baina, 21 urtetik gorakoek 3 euro ordaindu beharko dituzte, egunean bertan. Tropela 09:30etan aterako da herriko udaletxetik, eta bertan parte hartu nahi duenak otsailaren 10a baino lehen eman beharko du izena.

Helarazi digutenez, izena emateko orduan, ondo pentsatu beharko da txangoan parte hartu nahi bada. Izan ere, egun horretarako erosketak egin beharko dituzte, eta parte hartzaileen arabera kostu batzuk edo beste batzuk izango dira. Umeen kasuan, gainera, heldu batek lagunduta bakarrik parte hartu ahal izango dute.

Horrela, interesa duenak, hurrengo estekan eman beharko du izena Txitxiburduntzi eguna behar bezala ospatzeko. Izen-ematea.