Albisteak

Tabuak izan diren gaiak plazaratuz

Haurrekin dolua eta heriotza nola landu behar diren azaldu zituen astelehenean Txabi Arnal Gilek, Guraso Elkarteak antolatutako hitzaldian. Bertan landutako gaien inguruko zertzelada txikiak emango ditugu artikuluan.

 

Badira gizartean tradizioz tabuak izan diren gai jakin batzuk. Horien arrazoi nagusia izaten da lantzeko gai “deserosoak” edota “zailak” izaten direla.

Aipatutako talde horren barruan egoten jarraitzen du doluak eta heriotzak. Batez ere, umeekin hitz egiterako orduan. Beldur horiekin bukatzea dauka helburutzat EHUko irakasle, idazle eta psikodidaktikan doktorea den Txabi Arnal Gilek. Astelehenean, Heriotza eta Dolua Haurren Hezkuntzan… eta Literaturan hitzaldia eskaini zuen eskolan, -Guraso Elkarteak antolatuta- eta “oso arrakastatsua” izan zen. Gerturatutakoek “asko ikasi eta gozatu” zutela aitortu zuten.

Arnalen ustetan, umeek gai desoroso bat mahaigaineratzen dutenean, helduek ez diete umeen jakin-minari “aurre egiten”. “Aitzakien atzean ezkutatzen gara, segur aski zer eta nola erantzun ez dakigulako”, argudiatu zuen hitzaldian.

Psikodidaktikak doktorearen esanetan, umeek “jakin nahi dute”, euren munduaren inguruko informazioa lortzeko “eskubidea” dutelako. Bizitzan tristezia eta porrota jasaten direla jakin behar dutela aldarrikatu zuen.

“Hezkuntzak ez ditu bizitzaren alde gogorrak eta zailak ezkutatu behar. Egoera gogor eta gaitz horiek estaltzen ditugunean, umea aise ohartzen da. Helduok, berriz, oso baliabide eta informazio gutxi izaten dugu umeari heriotzaz edota doluaz hitz egin behar diogunean”, azaldu zuen.

Heriotzari dagokionez, hizlariak hiru adin fasetan banandu zituen umeak, gaiaren inguruan daukaten informazioaren arabera. 0-3 urte bitartekoek “ez dakite heriotza zer den”. 5-9 urtekoen artean, “heriotzan atzera ematerik ez dagoela ulertzen dute”. Azkenik, 9 urte dituztenetik aurrera, “denok hil behar garela ulertzen dute”.

Dolu faseko betebeharrak.

Gauzak horrela, dolu fasea “arrakastatsua” izan dadin, umeek honako bi faseak bete behar dituztela defendatzen du: laguntza eta agurra. Laguntzaren kasuan, fase horretan laguntzaile edo babesle bat behar dutela aldarrikatzen du. Bigarrenaren kasuan, “umeak hildakoari agur esaten badio, heriotza onartzerako bide egokian izango dela” dio.

Azkenik, Arnalek heriotzaren pedagogiaren inguruan solastu zuen. Heriotzaren pedagogiaren hezkuntza-proposamenak “bi taldetan biltzen dira”: Prebentiboak eta Leungarriak.

Prebentiboaren kasuan, heriotza bera lantzeko, desdramatitzatzeko eta modu naturaleak jorratzeko sorturiko jarduerak eraman behar dira aurrera. Leungarrienean, ostera, dolu garaian zehar lantzeko jarduerak egin behar dira. “Lagun maitea hil ondorez” egin beharrekoak dira.

Prebentzioarekin jarraituz, suidizidioa jarri zuen erdigunean. Gaia prebenitzeko, horretaz hitz egin behar dela aldarrikatu zuen. Gainera, hurrengo aholkuak eman zituen:

  • Familiartekoan gertatu bada, umeak jakin behar du
  • Bere buruaz beste egiten duenak ” ez du hil nahi, baizik eta atsekaberekin amaitu”
  • Garrantzitsua da kezkak, minak eta oinazeak partekatzea
  • Horrelako egoeretan ezinbestekoa da sentimenduen inguruan hitz egitea
  • Beldurrak partekatuta, txikiagoak eta konpontzeko errazagoak dira