2024ko ekainean gimnasioaren erdia itxi zigute. 7 hilabete beranduago, guztiz erabilgarri dugu berriz ere. Baina, gehiago nahi dugu.
Gimnasio gabe utzi gintuzten. Berriz ere testuinguru berri batera moldatu beharra, derrigortuta eta maniobra handirik egiteko aukerarik gabe. Baina amaitu da. Allende Salazarreko eskola komunitatea sortzen duten protagonista guztiei esker, ezin hobeto atera dugu egoera aurrera, eta momentu zailak pasa ditugun arren, zabalik dugu gimnasio osoa.
Gernika-Lumoko eskola publikoko gimnasioaren erdia itxi zuten iazko ikasturte bukaeran. Erabaki horrekin, umeek bertan horrenbeste ordu pasatzen dituzten eraikin hori gabe, gorputz heziketako zein eskolaz kanpoko jardueretako ekintzak erabat baldintzatuta geratu ziren.
Baina Allende Salazar zerbaitetan nabarmentzen bada, testuinguru guztietara moldatzeko gaitasunagatik da. Horrela, 2024-2025 ikasturtearen lehen zatian, eskolako espazio guztiak aprobetxatu ditugu gure eskolak eta ekintzak antolatzeko. Aurrera eraman ditugu, eta kalitatezko eskaintzak mantendu ditugu.
Baina gehiago merezi dugu. Askoz gehiago. Ezin gara duda artean bizi, eta gimnasio hori hobetu beharra dago. Hala uste du Guraso Elkarteak, eta horrela adierazi diote arduradunei-eskumena dutenei-. Herriko eskola publikoak instalazio eta tresna hoberenak behar ditu, eta aldarrikapen hauek bide horretik doaz.