Bideoak

Euskaraldiaren balorazio “positiboa” egin du Allende Salazar Herri Eskolak

135.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute 2025eko Euskaraldian. Horrez gain, 7.000 erakundek lagundu dute mugimendu soziala aurrera eramaten, eta horien artean egon da Allende Salazar Herri Eskola.

 

Domekan, maiatzaren 25an eman zitzaion bukaera euskara bultzatzeko ariketa soziala den Euskaraldiari. Hamar eguneko zikloari bukaera emateko, Lehen Hezkuntzako ikasleek Gure Bihotzaren Taupadak abestiaren erritmora dantzatu dute eskolako eskaileretan.

Euskaraldiaren balorazioari dagokionez, mugimenduko antolatzaileak “oso pozik” agertu dira. Izan ere, 135.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Euskaraldian, eta 7.000 erakundetik gorak lagundu dute Euskaraldia aurrera eramaten. Erakunde horien artean egon da Allende Salazar Herri Eskola.

Eskolan ere erantzun edarra izan du ariketa sozialak. Irakasle eta gurasoen artean makinatxo bat txapa ikusi ditugu, eta euskaraz harremantzeko esfortzuek gorakada nabarmena izan dute eskola inguruan. Beraz, eskolatik ere balorazio positiboa egin dugu.

Hala ere, azkenengo asteotan aldarrikatu dugun bezala, euskararen aldeko esfortzuek urteko 365 egunetan izan behar dute tokia. Horregatik, eskolatik gure hizkuntzaren alde borrokatzen jarraituko dugula aurreratzen dizuegu! Zaindu daigun euskara!