Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin bat egiten du Allende Salazar Herri Eskolan. Mugimenduak zer bilatzen duen, edo eskolak zeintzuk balio dituen aztertu dugu.
Aniztasuna, elkarlana, konpromisoa, berrikuntza, gardentasuna edota sormena lotzen dira Allende Salazar Herri Eskolarekin. Balio horiekiko konpromisoa duen eskola gara, eta bide beretik jarraitzeko hautua egin dugu eskola komunitatearekin batera.
Zerrenda luze horretan, baina, eskolak han-hemenka defendatzen duen zerbait falta da? Ez al duzue ikusten? Bai, euskaraz ari gara! Ez dugu euskararen inguruan sortzen ez den eskola eredu batean sinisten, eta gure hizkuntza defendatzeko konrpomisoa sutsua berresten dugu, behin eta berriz.
Euskara da euskaldun egiten gaituena. Berezi egiten gaituena. Eta egunero zaindu, defendatu eta lau-haizetara zabaldu behar duguna. Gauzak horrela, eskolak gure hizkuntza sustatzeko hainbat ekimen jartzen ditu martxan, eta horietako bat da Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin bat egitea.
Euskal Herri osoko milaka herritarrek osatzen duten mugimendua da Taupa. Euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzea dira bere egiteko behinenak, baina euren ametsa harago doa: “euskararen ardatzean askotariko jendea bilduz, herri proiektu ilusionagarri baten eragile erreferente izan nahi dugu”, aldarrikatu dute.
Gaur egun, Taupa 74 euskara elkarteren topagune da. “Elkarteak elikatzea da nazio mailako sarearen oinarrizko funtzioetako bat: formakuntza, ahalduntze, elkartruke eta koordinaziorako guneak antolatzen ditu, eta elkarteen jarduna bultzatzeko eta elkarte berrien sorrera sustatzeko lan egiten du”. Formakuntza horietara hurbiltzen dira, hain zuzen ere, gure irakasleetako batzuk.
Eskolak, beraz, egin du hautua: Tauparen parte gara. Baina, eta zuk? Animatu zaitez, eta batu zaitez Taupa mugimendura. Tauparen webgunean aurkituko duzue informazio guztia.