Era guztietako 17 jarduera desberdin eskaintzen ditu Guraso Elkarteak Eskolaz Kanpoko Jardueren baitan. Gurasoek euren erantzunkizuna bereganatu nahi dute seme-alaben heziketan prozesuan.
Allende Salazar eta eskola komunitatea. Eskola komunitatea eta Allende Salazar. Bata ezin da bestea gabe ulertu. Komunitate erraldoi horren parte da, hain zuzen ere, Guraso Elkartea. Ikasleen guraso talde batek mimo handiz eta era desinteresatu batean egiten duen lanari esker, goi-mailako ikastetxe bateko zerbitzuak eskaintzen ditu gure eskolak. Zerbitzu horien artean daude Guraso Elkarteak antolatzen dituen Eskolaz Kanpoko Jarduerak.
Umeen heziketa prozesuan, eskolaz kanpoko ekintzek berebiziko garrantzia dutela sinisten dugu. Ekintza horien bitartez, lagun arteko giroan bizikidetza baloreak indartu eta transmisio kulturala bermatzen dira. Hori bakarrik ez, jarduera horien bitartez umeek talde lana landu, eta bakoitzaren autonomia gaitasuna garatzen dituzte.
Ekintzok Guraso Elkarteak antolatzearen arrazoi nagusia da “gurasook gure seme-alaben heziketan dugun erantzukizuna gure gain hartu nahi dugula”. Horrela, boluntario elkarteak jarduerak antolatzera arduratzen duen batzorde bat sortzen du. Eskolaz Kanpoko Jardueretako koordinatzailearekin elkarlanean, batzordeak ikasturteko jarduerak antolatu, urtean zehar agertzen diren arazoak konpondu, eta gurasoak hezi eta informatzen ditu.
Kalitatea zaintzeaz gain, kantitatea ere eskaintzen du arlo horretan Guraso Elkarteak. Momentu honetan, 17 aukera eskaintzen dituzte: Multikirolak, sukaldaritza, judo, futbola, pintura, saskibaloia, argazkilaritza, yoga, antzerkia, robotika, robotika aurreratua, moda birziklatua, musika erritmoa, eskalada, dantza jazz funky, dantza txiki eta xakea.
Eskaintza zabal horren bitartez, era guztietako zaletasunak dituzten ikasleak erakarartzeko gaitasuna duela uste du elkarteak, eta hurrengo ikasturteetarako jarduera berriak gehitzeko asmoa ere badute. Hortik jota, proposamenen bat izanez gero, Guraso Elkarteagaz harremanetan jartzera gonbidatzen dizuegu. Izan ere, hori da euren nahia: Allende Salazarreko ikasle guztiek euren zaletasunei lotutako jardueretaz goza dezatela.
Protokoloaren azalpena.
Marra gorri gutxi ezartzen dituzte Allende Salazar Herri Eskolak eta Guraso Elkarteak. Gutxi horien artean agertzen da, baina, indarkeria. Historikoki, leku guztietan horrela izan ez den arren, umeen arteko indarkeriak ez du berebiziko jazarpenik izan. Baina hori bukatu da. Eta horretarako, Guraso Elkarteak kirolean eta aisialdian haurrek jasaten duten indarkeria prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta indarkeria horri aurre egiteko protokoloa sortu zuen.
Helburu mordoa dituen arren, laburbilduta, indarkeriarik gabeko espazio seguruak sortzea, aniztasuna eta diskriminaziorik eza bermatzea, eta haurren parte-hartze aktiboa sustatzea bilatzen ditu protokolo honek. Protokoloa zehatz-mehatz ezagutu nahi duenak, hurrengo estekan klikatuta dauka deskargatzeko aukera.
Balioak, mailaren gainetik.
Kiroletan barneratuz, Guraso Elkarteak neurri bortitz bat hartu zuen orain dela ikasturte batzuk: Allende Salazarrek ez ditu errendimenduzko taldeak egingo. Gure eskolak kirol guztietan ditu maila bakoitzeko bi talde edo gehiago. Horregatik, talde guztiak maila antzekoak egiteaz gain, denen arteko laguntasuna sustatzen dugu.
Errendimendua baino, gure kirolariak balio zehatz batzuen inguruan haztea bilatzen dugu. Horiek dira, besteak beste, elkartasuna, enpatia, babesa edota kirolzaletasuna. Halaber, gure kirolarien maila ahalik eta gehien hobetzen saiatzen gara. Helburu horri lotuta, gure eskolako entrenatzaileek formakuntza desberdinak jasotzen dituzte ikasturtean zehar, eta urterik urtera euren maila hobetzen ere saiatzen gara.