Busturialdeko basoak bertako zuhaitz espeziez betetzeko aukera paregabea dute Allende Salazarreko familiek igande honetan (urtarrilak 19). BaSOS elkartearekin batera, zuhaitz landaketa egingo da Muxikako Areatza auzoan.
Busturialdeko basoak Euskal Herriko zuhaitzez landatzeko aukera paregabeaz gozatu ahal izango dute gura familiek domeka honetan (urtarrilak 19). Izan ere, BaSOS elkarteak eta Allende Salazarreko Mendi Taldeak zuhaitz landaketa bat antolatu dute, Muxikako Ariatza auzo inguruan.
Gaur egun basoak kudeatzen diren eredutik aldentzeko helburuari jarraituz, BaSOS elkarteak aretxak, gereziondoak, urkiak edota lizarrak landatzen ditu gune horretan. Domekan 300 zuhaitz inguru landatzeko asmoa erakutsi dute, gutxi gorabehera hektarea erdi hartungo dutenak.
Goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua Gernika-Lumoko autobus geltokian, eta hurbildu nahi duenak barikura arte izango du izena emateko aukera. Esteka honetan egin beharko du kudeaketa. Jakinarazi dutenez, 13:00ak inguru arte iraungo du ekintzak, eta dohainekoa izango da bertan parte hartzea.
Elkartetik azaldu dutenez, Busturialdeko lurzoruaren %70a dago zuhaitzez eztaliaz. Zuhaitz horien ¾ kanpotik ekarritako espeziek osatzen dute, eta egoera horri buelta ematea dauka helburutzat BaSOSek. Izan ere, gaur egungo basoak “monokultibora bideratuta” daudela salatu, eta hori aldatzea posible dela aldarrikatu dute.
Domekako ekintzari dagokionez, elkartetik “oso beharrezkoa” ikusten dute umeekin lan egitea. Izan ere, gaur egungo gizartea ingurugiroarekin “erabat deskonektatuta” dagoela sentitzen dute, eta “gure etorkizuna” diren umeei kontzientziak piztea bilatzen dute. “Nagusien artean, gutxi dira ingurugiroarekiko interesa erakusten dutenak. Ba, pentsa umeen artean zenbat izango diren… askoz gutxiago! Guk argi dugu beraiek direla gure etorkizuna, eta balio horiek transmititu nahi dizkiegu. Inguruan dutenaz arduratu daitezen bilatzen dugu. Hau da, inguruko zuhaitzak zeintzuk diren ezagutzea, animaliak identifikatzea…”, aldarrikatu dute BaSOSekoek.
Elkartearen inguruan.
2021. urtean sortu zen BaSOS elkartea. Astran Tantai baso kooperatibak emandako hitzaldi batetik sortu zen taldea. Izan ere, bertan batu ziren 4-5 lagunek, basoen egoera ikusita, horri buelta emateko nahia erakutsi, eta elkartea sortu zuten.
Lehenengo pausuak emanda, elkarteak aurrera pausu bat emateko proiektua zehaztu zuen 2023an: baso zonalde bateko lurrak erostea. Horrela, crowdfunding bat martxan jarri, eta zonaldearen bila jarri ziren. Bide horretan, Onintza Enbeita eta Pello Bilbaoren laguntza izan zuen elkarteak. Busturialdeko lagun bi hauen oihartzunari esker, mundu guztitik heldu zitzaien dirua elkartekoei, eta esperotakoa baino diru gehiago batu zuten.
Behin dirua izanda, lur zatiaren bila hasi ziren. Eta arazo batzuk pasa ostean, Areatza inguruan aurkitu zuten 6 hektareatako gune bat. Bertan ari dira landaketak egiten, eta 2025ean hektarea bi landatu nahi dituzte bertako zuhaitzekin. Otsaila bukatu aurretik egin behar izaten dira landaketak, eta Allendekoa aurton egingo dituzten lau landaketetako bigarrena izango da.
Gainera, landaketetan laguntzeaz gain, elkartea babesteko hainbat bide daude. Jakinarazi dutenez, bazkide izateaz gain, era guztietako dohaintzat egiteko aukera eskaintzen dute euren web orrialdean. Kamisetak ere kaleratu dituzte. Baina, dena ez da diruarekin laguntzea.
BaSOSen argi dute: gure basoak zaintzen laguntzen duen oro da ongi etorria!
Kartela: