Hona hemen Busturialdeko Hitzak Allende Salazarren proiektuaren inguruan egin duen erreportaia. Proiektuaren parte dira Allende Salazar Herri Ikastetxea, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Kaltzada Egoitza, Etorkintza Fundazioa, Maier Kooperatiba Elkartea eta Busturialdeko Gurutze Gorria
Allende Salazar Herri Ikastetxeak, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Kaltzada Egoitzak, Etorkintza Fundazioak, Maier Kooperatiba Elkarteak eta Busturialdeko Gurutze Gorriak elkarlanean dihardute. Horren erakusle da Allende Salazar Herri Ikastetxeko jantokiko janari soberakinei bidea ematea ardatz duen proiektu pilotuan jarduten dutela egunero, egoera zaurgarrian dauden kolektiboei janaria etxez etxe banatuz. Mankomunitateko kordinatzaile den Nerea Llantadak proiektua janariaz harago doala nabarmendu du: “Proiektu horregaz, beste gizarteratze lan bat ere egiten dugu; egoera zaurgarrian dauden kolektiboak izan ohi dira proiektuaren onuradunak, bakardadearen menpe daudenak sarri, eta, gehienbat, sare sozial murriztua dutenak. Janari banaketa horren bitartez, pertsona horiekin hartu-eman bat sortzea ere lortzen dugu, izan ditzaketen beste beharrizanak ere kontuan hartuz”.
2016. urtean hasi eta gaur egunera arte eskaintzen duten zerbitzua izanik, Bizkaian tankera horretako proiektu bakarra dela azpimarratu dute, “elkar saretzea” goraipatuz. Olate Arrarte Allende Salazar Herri Ikastetxeko jantokiko proiektu pilotuaren arduraduna da, eta, besteak beste, proiektuaren hastapenak gogoratu ditu: “Horrekin hasi ginen jantokian egunean hogei bat errazio sobera zeudela konturatu nintzelako. Janari kopuru handiak zaborrontzian bukatzen zuen. Hura ikusita, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin harremanetan jarri nintzen, soberakin hori nolabait bideratzea posible ote zen jakiteko. Baiezkoa eman zuten, eta guztia martxan jartzen hasi ginen”. Ikastetxearen kalitatezko janaria berezitasun gisa du, gainera, Arrartek. Izan ere, “bertoko janaria” eskaintzen dute eskolan, “bertoko baserritarrena, ekologikoa, eta kalitatezkoa”. Hori horrela, hasierako helburua argia zen eragile guztien aldetik: soberakin horri probetxuzko irtenbide bat ematea. Pentsatu eta ekin.
Lankidetza izan daiteke proiektua definitzeko hitz gakoa. Nahiz eta ikasturtean zehar egin beharreko eguneroko lana Gurutze Gorriaren, Allende Salazarren eta mankomunitatearen eskuetan egon, Llantadak Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzaren, Etorkintza Fundazioaren eta Maier Kooperatiba Elkartearen laguntza “berebizikotzat” du, urte hauetan guztietan suertatutako arazoen konponbide argia direlako, eta beraien “prestutasun eta borondate onagatik”: “Pandemia sasoian izan genuen arazorik nabarmenena; eskola itxi zuten, eta, beraz, ez geneukan janaria lortzeko biderik. Orduan hasi zen Kaltzada egoitza proiektuan parte hartzen; pandemia garaian, beraiek prestatzen zuten janaria egunero, eta Gurutze Gorriaren bidez bideratzen zen etxeetara. Opor sasoian ere, proiektuan eten bat ikusten genuen, eta ildo horretatik hasi ginen Etorkintza Fundazioagaz hitz egiten. Elkarlana osatzen joan gara, eta, hortaz, orain, eskolako opor sasoian, Etorkintza arduratzen da janariaz”.
Hala, urteak dauzkan 365 egunetan banaketa zerbitzua bermatu dezakete, guztien laguntzarekin. Proiektuak kostu ekonomikoa ere baduela gogoratu dute: etxez etxeko banaketaz arduratzen den pertsona, garraioa, eta abar luze bat dira horren isla. “Ekonomikoki, Maierrek laguntzen digu, urtean diru laguntzak ahalbidetuz. Beraz, proiektuaren zati bat Maierrek finantzatzen du”, gaineratu du koordinatzaileak.
Elkarlana, erraz.
Beraien arteko elkarlana “erraza” dela aurreratu dute. Eguneroko funtzionamenduaren inguruko xehetasunak eman ditu Busturialdeko Gurutze Gorriko esku hartze sozialeko teknikari den Goizane Bilbaok: “Ikasleei jaten eman ondoren, soberakin guztiak ontzietan banatu eta hozkailuan sartzen ditu Olatek. Behin hori eginda, Gurutze Gorriko kide batek egiten ditu etxez etxeko banaketak, egunero. Egunean hiru orduz lan egiten du, eta janaria, norbanakoei emateaz gain, euretako bakoitzarekin gelditzen da une batez, dena ondo doala ziurtatzeko, batik bat. Ondoren, Gurutze Gorriaren egoitzan garbitzen ditugu tuperrak, gero ikastetxera bueltatzeko”.
Gauzak horrela, janariaz gain, beste hainbat zerbitzu eskaintzeko ahalmena dute Gurutze Gorriko kideek: kolektibo zaurgarrien ongizatea beraien eguneroko ardura da. Halaber, eguneroko zerbitzu horrez gain, jarraipen telefonikoa egiten diete. Hamabost kolektibo dira proiektuaren onuradunak, gutxi gorabehera, egunero.
Ildo horretatik jarraituz, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik hamabost pertsona horien hautaketa irmoa egiten dutela jakinarazi du Ana Hormaetxe mankomunitateko presidenteak: “Gure teknikariek aukeratzen dituzte norbanako edo kolektiboak, baina profil zehatz bat izan behar dute horiek; zaurgarritasun egoeran egon behar dira. Ulertu behar da zerbitzu hori ez dela mankomunitateak bai edo bai eskaini behar duen zerbait, baizik eta sarean eta eragile desberdinen artean borondatez egiten dugun lan baten emaitza dela. Hori horrela, zerbitzua ez dago edonorentzat eskuragarri”.
Urteotako emaitzak ikusita, “etengabeko hobekuntzetan murgilduta” dagoen proiektuarekiko balorazio positiboa egin dute guztiek. Halaber, “gizartean dagoen beharrizana ikusita”, uste dute, gutxinaka-gutxinaka, antzeko proiektuak sortzen hasiko direla.